Donostia Turismoak pista joko bat aurkeztu du Donostiarieta euskarari buruz ikasteko

0

Donostia Turismoko Plan Zuzentzaileak turismo jasangarri, orekatu eta kalitate handikoa bultzatzen du eta, bere lan ildoen artean, helmugaren nortasuna eta benetakotasuna sustatzea sartu du: kultura, berezitasunak, tradizioak eta bere hizkuntza zaharra, euskara, alegia.

Hiriek elkarrekiko gero eta antza handiagoa dute, eta, bisitariek, ordea, benetakotasuna eta helmugari ukitu berezi eta desberdina ematen dion hori bilatzen dute. Horrek gure hizkuntza eta kulturaren garrantzia azpimarratu eta nazioarteko mailan ezagutzera emateko aukera ematen digu.

Horregatik, udaleko Euskara sailaren laguntzarekin, pista joko edo ginkana digital bat garatu da, 4 hizkuntzatan, bisitariek zein herritarrek hiriari, bere historiari, kulturari eta hizkuntzari buruz ikas dezaten, modu jostagarrian.

Jokatzeko ez da inolako aplikaziorik deskargatu beharko; edozein pertsonak jokatu ahalko du mugikorretik, esteka edo QR baten bidez.

 

Ginkana: “Donostia eta bere milurteko hizkuntzaren misterioak”

Kontakizuna 1813ko abuztuaren 31n hasiko da, tropa anglo-portugaldarren erasoaren egunean. Jokalariak Irati izango dira, arrantzale baten alaba den saregile donostiar gaztea. Iratik bihozkada bat izan du eta auzokideak datorren hondamendiaz ohartarazi behar ditu, hiria garaiz ebakuatzea lortzeko. Horretarako, izaera donostiarra bereizten duten oroitzapen, hitz eta elementu guztiak zaindu beharko ditu.

Ginkana iragartzeko helburuarekin, gaurtik aurrera, lehiaketa bat jarriko da abian Donostia Turismoaren sare sozialetan. Parte hartzaileek bi lagunentzako bazkari bat irabazi ahalko dute Petritegi sagardotegian. Lehiaketak abenduaren 3ra arte iraungo du, Euskararen Egunera arte. Denbora horretan zehar, galdera berriak argitaratuko dira aldian behin, joko moduan, Donostia Turismoaren Instagrameko profilean. Galdera hauek ginkana gogorarazteko eta gure historia eta hizkuntzari buruz ikasten jarraitzeko balioko dute.

Lehiaketari buruzko informazio guztia eta oinarriak www.sansebastianturismoa.eus webgunean argitaratu dira.