eLankidetzak hainbat dirulaguntza emango ditu bakea edo elikadura subirotasuna sustatzeko

0

Gobernu Kontseiluak Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako zuzeneko lau dirulaguntza onartu ditu. Guztira, 1.188.200  euro izango dira. Laguntza horiei esker, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak sailekoa, babestuko ditu Kolonbia eta Mozambikeko bake prozesuetan eta elikadura subiranotasunaren inguruko foro baten antolatzen. Era berean, eLankidetza eta EITBren arteko lankidetza hitzarmena onartu du euskal gizartea garapenerako lankidetzan eta nazioarteko elkartasunean sentsibilizatzeko.

Bake prozesuak

Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk Bake Akordioa sinatu ondoren, lurralde gehienek ez dute lortu bakea. Ilegalak diren ekonomiei, erauzte- industriei edo kontrol sozialari lotutako talde armatuek gerra dinamika berberak errepikatzen dituzte gatazka gehien sufritu zuten lekuetan.

Horregatik guztiagatik, eLankidetzak 600.000 euro zuzenduko ditu Cauca Iparreko Kabildo Indigenen Elkarteari (ACIN-i), Cauca Iparreko Etnien Arteko eta Kulturarteko Lurralde Kontseiluko bost elkarteko bat. Kontseilu honek biltzen ditu afrikar ondorengoen, nekazarien eta indigenen ordezkariak, eta Kolonbiako Gobernuak aintzat hartu du gatazkak konpontzeko eta Cauca Iparra garatzeko ekintzak bultzatzeko. Gainera, Kolonbiako Mahaiak kontseilua babestu du 2020tik. Mahaiak Kolonbiarekin lankidetzan aritzeko hainbat euskal eragile biltzen ditu.

Kolonbiako bake-prozesuari laguntzeko ildo horretan, eLankidetzak 200.000 euroko zuzeneko dirulaguntza emango dio Caliko Pontificia Universidad Javeriana erakundeari. Helburua da hainbat eragileren arteko elkarrizketa soziala bultzatzea, baita aurkarien artean ere, eta egingo da biktimak erdigunean jartzen eta Kolonbiako Egia Argitzeko Batzordeak egindako gomendioak ezartzen.

Bestalde, eLankidetzak babestuko du Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Aztertegiak eta Ayuda en Acción Fundazioak Cabo Delgadon, Mozambiken, egiten ari diren proiektua. Bertan, gatazka erdian bizi diren herritarren zaurgarritasunari eta arrisku humanitarioari aurre egiteko ekimena sustatzen dute, eta, era berean, haien garapena eta bakearen eraikuntza aintzat hartzen dute. Horretarako, 238.200 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Elikadura subiranotasuna eta sentsibilizazioa 

2027an, Elikadura subiranotasunaren inguruko I. Nazioarteko Foroa antolatu zen, Malin, Nyéléni foroa ere deitua. Foroak 80 herrialdetako 500 ordezkari baino gehiago bildu zituen, eta elikadura burujabetza kontzeptua zehazten lagundu zuen. Egungo mundu mailan askotariko krisiek erakutsi dute lehentasunezkoa dela gaia jorratzea.

2025ean, Indian, Nazioarteko Planifikazio Batzordeak nazioarteko bigarren foroa antolatuko du, eta, horretarako, kontsultarako prozesu parte-hartzailea jarri behar du martxan. Horrela, eLankidetzak 150.000 euro zuzenduko dizkio antolaketarako Lurbide-El camino de la tierra elkarteari.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak onartu du eLankidetzaren eta EITBren arteko lankidetza hitzarmena, garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko elkartasunaren arloan komunikazio eta sentsibilizazio jarduerak elkarrekin sustatzeko. Lehenengo urtean, balorazioa 150.000 eurora artekoa izango da.