Euskadik 1.800.000 joan-etorri erregistratu ditu Biriatuko mugan, udako irteera-itzulerako operazio bereziaren lehen balantzean

0
  • Asteburu honetan eta abuztuko lehen asteburuan trafikoa handitzea espero da Euskal Autonomia Erkidegoan, bat etorriko baitira udako oporraldiko irteerako eta, hein txikiagoan, itzulerako zirkulazioak
  • Uztailean lau pertsona hil dira trafiko-istripuetan, 2022ko aldi berean baino bat gutxiago

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, Estibaliz Olabarrik, udako irteera-itzulerako operazio bereziaren lehen balantzea egin du, eta nabarmendu du nazioarteko trafikoak zertxobait egin duela gora eta, oro har, joan-etorriak normaltasunez egin direla. Irungo AP-8 autobideko ordainlekuan egindako adierazpenetan adierazi duenez, irteera-operazioak Frantziako Tourrarekin bat egin zuen egunetan ohikoa baino auto-ilara txikiagoak izan ziren, euskal erakundeek antolatutako prebentzio-lanari eta abian jarritako segurtasun-dispositibo zorrotzari esker. Ildo horretatik, eskerrak eman dizkie herritarrei agintarien jarraibideak erantzukizunez betetzeagatik, hala nola garraio publikoa erabiltzea eta bidaiak aldez aurretik planifikatzea.

Era berean, jakinarazi du uda honetan 1.800.000 joan-etorri egin direla Biriatuko mugatik, noranzko bakoitzean, hau da, 2022an baino % 2 gehiago. Euskal errepide-sarea zeharkatzen duten Europako fluxuak dira, batez ere Afrikako iparralderako bidean eta, hein txikiagoan, Portugalerako bidean zeharkatzen dutenak.

Nazioarteko trafikoa handitu denez gero, euskal errepide-sareko puntu estrategikoetako seinaleztapena indartu da, eta gidariei bidean topatuko dituzten zerbitzuguneen berri eman zaie. Era berean, irteerako operazioan, Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen-operatiboak egingo ditu Etxabarri Ibiñan, AP-1 irteeraren eta N-622 errepidearen arteko lotura errazteko, Gasteizerako norabidean, eta, Gasteizen, N-622 errepidearen eta A-1 autobidearen arteko lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan. Itzulera-operazioan, Armiñongo lotunean jarriko du martxan operatiboa, AP-1 zaharraren eta A-1en arteko lotunean, Gasteizerako noranzkoan.

Barne-trafikoaren fluxuei dagokienez, Estibaliz Olabarrik adierazi du, oraingoz, iazko fluxuak baino fluxu handixeagoak izaten ari direla. Oro har, zirkulazio arina izaten ari da. Ibilgailu-intentsitaterik handienak asteburuetan eta A-8 autobidean izaten ari dira —Kantabriarako noranzkoan eta itzuleran Kantabriatik Euskadirako noranzkoan—, eguraldi onak bultzatuta. Puntu horretan, erreskaterako garabi-zerbitzu berezia gaitu da, istripua duten ibilgailuak lehenbailehen ken daitezen eta auto-ilarak murriztu daitezen. Gaur arte, hamabi erreskate egin dira (lau erreskate istripuen ondorioz eta zortzi erreskate ibilgailuen matxuren ondorioz). Trafiko arina errazte aldera, aurten 31 egunez izango da martxan zerbitzu hori (joan den urtean 29 egunez izan zen martxan)

Uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehen asteburua

Dentsitaterik handiena datorren asteburuan izatea aurreikusten da, bat etorriko baitira irteera-trafikoa eta uztailean oporrak hartu dituztenen itzulera-trafikoa eta abuztuko lehen asteburuko trafikoa.

Zirkulazio arina bermatze aldera, eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, behin-behineko seinaleztapena gaitu da Armiñongo lotunean, eta, beharrezkoa izanez gero, gomendatuko da A-1 errepidearekiko paralelo bideratzen den N-1 errepidean zeharreko ibilbide alternatiboa erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean.

Behin-behineko balantzea

Joan den uztailaren 1etik 4 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan (guztiak Gipuzkoan), joan den urteko aldi berean baino bat pertsona gutxiago.

Tokiko trafiko-dentsitate handieneko gunea A-8 autobia izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Joan den uztailaren 21ean 15 kilometrora arteko auto-ilarak sortu ziren, ibilgailu kopuru handiak eraginda.

Gipuzkoan, uztailaren 24an, astelehena, 6 kilometrora arteko auto-ilarak izan ziren AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan, Frantziarako noranzkoan, ibilgailu kopuru handiak eraginda.

Bestalde, Araban trafiko-dentsitaterik handienak N-622 errepidean, Gasteizerako noranzkoan, eta A-1 errepidearekiko lotunean, Burgos-Madril noranzkoan, izan dira. Zenbait egunez (uztailaren 14an, 15ean, 21ean, 22an eta 23an) 2 kilometrora arteko auto-ilarak sortu dira.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du bidaia hasi aurretik errepideen egoerari buruzko kontsulta egitea 011 telefonoan (24 orduetan ematen du arreta), www.trafikoa.euskadi.eus web-orrian, TrafikoaEJGV app-an edo Twitter-eko @TrafikoaEJGV kontuan.

Horrez gain, komeni da:

  • Ibilgailuaren egoera ona ziurtatzea.
  • Otordu oparoak saihestea, logurarik ez izateko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzeko garaian eragina izan dezakeen sendagairik ez kontsumitzea.
  • Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti jarraitzea Ertzaintzako agenteek adierazten dutenari.
  • Segurtasun-tarteak mantentzea.
  • Bi orduan behin, edo 200 kilometroan behin, atseden hartzea.

Era berean, erantzukizun kolektiboa eta gainerako gidariekiko errespetua eskatzen da, batik bat zaurgarrienekiko errespetua (txirrindulariak, motoristak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak eta oinezkoak), Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko trafiko-istripuetan zero biktima egon dadin.