Euskadik 7,3 milioi euro jasoko ditu Next Generation funtsetatik, tokiko merkataritzari laguntzeko

0

Lerro horiek Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren parte dira. Plan horrek 415 milioi euroko zuzkidura mobilizatu du hiru urtean, merkataritzaren arloan garatutako proiektuei laguntzeko

Euskadin garatuko diren proiektuak Erresilientzia Planaren barruan kokatzen dira, eta joan den astelehenean, uztailaren 24an, egindako ebaluazio-batzordearen ondoren onartu dira, behin-behineko ebazpen baten bidez, alegazioak aurkezteko epearen zain; beraz, baliteke oraindik proiekturen bat sartzea. Behin-behineko ebazpen hori gaur jakinarazi zaie tokiko erakunde onuradunei, eta Euskadiren kasuan, 7,3 milioi euro jasoko dituzten 6 proiektu dira. EAEko 19 proiektuek erkidego guztietako udalen 561 proiekturi egin diete aurre norgehiagoka-deialdi honetan, eta 2023ko deialdi horietan ministerioak mobilizatutako ia 106 milioien % 6,92 lortu dute.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Espainiako Gobernuko Merkataritza Ministerioarekin lankidetzan aritu da funts horiek kudeatzen eta koordinatzen, deialdien zirriborroei ekarpenak eginez, autonomia-erkidegoetako zuzendarien mahaietan parte-hartze aktiboa izanez eta Ebaluazio Batzordean euskal proiektuak defendatuz. Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzak, bestetik, informazioa eman die EAEko udal guztiei, eta proiektuak prestatzen lagundu die, hala eskatu zaienean.

Onartutako jarduerak hiru ildotan banatuta daude, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Turismo sektorearen Lehiakortasun eta Modernizazio Planaren (14. osagaia) eta ETEak Bultzatzeko Planaren (13. osagaia) barruan.

Merkatuetarako eta merkataritzako hiri-eremuetarako laguntzen atalean, deialdi honetako 4 proiektu onuradun identifikatu dira Euskadin, 6,4 milioi eurokoak, Vitoria-Gasteizko, Zumarragako, Mutrikuko eta Irungo udalentzat. Azpimarratzekoa da Vitoria-Gasteizek Next funtsen deialdi horietan aurkeztutako proiektuei emandako laguntza, Gasteizko eta Zumarragako merkatuak eta merkataritza-eremuak bultzatzeko planean, merkataritza-eredu digital eta jasangarria finkatzeko. Horiez gain, Mutrikuko hirigune historikoko Merkatu Plaza eta merkataritza-ekosistema biziberritu dira, eta Irun Market bultzatu da. Lerro horren bidez, teknologia-, berrikuntza- eta jasangarritasun-arloko planak eta proiektuak finantzatu nahi dira, baita ekipamenduak hobetzekoak ere, bere mugapean dagoen merkataritza-sektoreari zuzenduak.

Turistak erakartzen dituzten merkataritza-guneetarako laguntzen lerroan, ez da finantzaketarik lortu aurkeztutako bi proiektuetako bakar batentzat ere.

Hala ere, landa-merkatu jasangarrietarako laguntzetan, ia bederatziehun mila euroko bi proiektu onuradun daude, Gipuzkoako Itsasondoko eta Arabako Barrundiako udalek aurkeztuak, tokiko produktuen denda bat sortzeko, Eskualdeko Merkataritza Zentrorako (“Venta del Patio”). Laguntzen atal hau landa-eremuetan merkataritza-jarduera ezartzen, modernizatzen eta sustatzen laguntzera bideratuta dago, landa-ekonomiaren lehiakortasuna, jasangarritasuna eta dibertsifikazioa hobetzeko.

2023ko deialdi hau ezaugarri horiek dituen azkena da, eta 2024ko ekainean amaituta egon beharko dute proiektuek. 2021eko eta 2022ko deialdiei gehitu behar zaie, tokiko merkataritzara bideratutako 313 M baino gehiago mobilizatu baitituzte, tokiko erakundeak onuradun direla. Urte hauetan, Euskadik finantzaketa lortu du merkatuen lerroko 12 proiektutarako (15,5 M), turismo-eremuetako merkataritza-jardueretarako 3 proiektutarako (3,5 M euro) eta landa-eremuetako 4 proiektutarako (1,4 M euro).

Next funtsekin finantzatutako proiektuak 19 izan dira, 20,4 milioi eurokoak, Espainia osoko proiektuekin lehian aritu direnak, eta mobilizatutako funts guztien % 6,52 dira, Euskal Autonomia Erkidegoak lurralde-banaketa batean lortuko zukeena baino ehuneko handiagoa, eta horrek erakusten du aurkeztutako proiektuen kalitatea.