Labencor, korrosioan espezializatutako Euskadiko laborategi bakarra

0

Labencor Jundizeko industrigunean dago kokatuta, Gasteizen, eta soilik korrosioarekin jarduten duen Euskadiko eta Estatuko laborategi bakarra da. Hamar urteren ondoren, 300 bezero ditu dagoeneko eta pertsonalizatutako entseguak eskaintzen ditu automobilgintzaren sektorearentzat bereziki.

Informazio hau “Zutaz mintzo gara” ekimenaren bidez sortu da. SPRI Taldeak Euskadiko enpresei haien proiektuak beren plataforma bidez ezagutarazteko aukera eskaintzen die.

Enpresa 2013an sortu zen Arabako Teknologia Parkean “automobilgintzaren sektoreko enpresek eskatzen zaizkien korrosioaren entseguak arin egiteko zuten beharrarengatik” adierazi dute Marta Garcia laborategiko zuzendariak eta Raquel Martinez teknikari komertzialak. Ordura arte, zeregin hori korrosio-ekipamenduren bat zuten zentro teknologikoek egiten zuten, “baina automobilen fabrikatzaile bakoitzak bere entsegu propioak ditu eta proba luzeak dira, 10-12 astekoak kasu askotan”.

Hala, berehalako eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko industria-laborategia sortzea planteatu zuten. “Sei korrosio-ekipamendurekin hasi ginen, ezaugarri eta bolumen desberdinetarako. 2015ean, hainbat entsegutarako egokia dela egiaztatzen duen ENAC ziurtagiria lortu genuen. 2017an, konpainia Jundizko industrigunera lekualdatu zen, Gasteizen, handitzeko beharra zuelako. Egun, Labencorrek 18 korrosio-ekipamendu ditu eta beste 2 iritsiko dira aurten.

Enpresak automobilgintza-sektorearentzat egiten du lan bereziki, eta beste sektore batzuentzat gutxiago, hala nola eraikuntzarako, ontzigintzarako, trengintzarako edo etxetresna elektrikoen gama zuriarentzako. Korrosio-entseguak eskaintzen ditu araudi aplikagarriak betetzen ote diren ikusteko. “300 bezero baino gehiago ditugu. Kontratuak pertsonalizatuak dira bezero eta entsegu bakoitzarentzat. Eta webgunean, bezero bakoitzak bere konfidentzialtasun-arloa du, eta bertan jartzen da entseguari buruzko informazio guztia”.

Entseguak

Egiten diren entseguak askotarikoak dira; “soilak” izan daitezke, giro bakarrean egiten direnak, edo “korrosio ziklikoaren” entseguak, entsegu-ziklo bakoitzean hainbat fase dituztenak, horiek, normalean, behar zehatzei buruzko entseguak izaten dira eta ordu batzuk edo hiru-lau hilabete iraun dezakete.

Labencorrek gauza asko neurtzen ditu, eskakizunen, bezeroen beharren eta estaldura-motaren arabera; korrosio zuria (piezak duen zinkezko babes-geruza) eta gorria (lehen babes hori janda dagoenean eta oinarrizko materialera heltzen denean) metalezko estalduretan edo, estaldura organikoetan, soldaduren, ertzen, azaleraren, itsaspenaren eta abarren korrosioa.

Euskadin eta Estatuan soilik korrosioan jarduten duen laborategi bakarra izanik, zentro teknologikoak dira bere lehiakide nagusiak.

Lau langile ditu eta urteko fakturazioa 450.000 euro ingurukoa da.

Erronkarik gertukoena dira 2.600 litroko bolumena duten bi ekipamendu martxan jartzea Mercedesen ibilgailu berriaren entseguetarako, betiere pieza handiak probatu ahal izateko, hala nola ate handiak.  “Abuztuan egiaztatu nahi dugu dagoeneko entsegu hori. Eta hilabete honetan beste ekipamendu laguntzaile bat izango dugu harrizko inpaktuaren erresistentzia egiaztatzeko (entseguan diametro jakin bateko altzairuzko bolen kopuru zehatz bat proiektatuko da zehaztutako presioarekin eta entsegu-piezaren gainean ezarritako denboran).

Enpresan, helburuak dira hazkundea eta bezeroen zorroa eta entseguen gama handitzea, “zerbitzu osoagoa eskaintzeko”, ENACek egiaztatutako entseguen irismenaren etengabeko zabalkundea alde batera utzi gabe.