Lehendakaria: «Jaurlaritza osoa euskal gizartearen aurrean hartutako konpromisoak betetzean zentratuta dago»

0

Iñigo Urkullu lehendakariak, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berriaren lehen harria jartzeko ekitaldia aprobetxatuz, azpimarratu du «Gobernu osoa euskal gizartearen aurrean hartutako konpromisoak betetzean zentratuta» dagoela, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldiaren hasieran bere gain hartu zuen kontratu sozialari erantzunez.

Aste honetan Gobernu Programaren, legegintza Programa eta Egutegiaren, Plan estrategikoen eta 10 Herri Helburuen egoeraren balorazioa partekatu ondoren, Lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritza osoa lan horretan buru-belarri ari dela, «Gure Programa, gizartearekin hartutako konpromisoak, betetzen jarraitzen dugu. Hori da Eusko Jaurlaritzaren iparra eta lehentasuna, hori da gure eguneroko xedea. Hamar Herri Helburu ezarri ditugu eta aurrera egiten ari gara, norabide berean eta auzolanean, gizarte osoaren ongizatea eta bizi kalitatea sendotzen eta areagotzen«. Zentzu horretan, Urkulluk esan du inbertsio bakoitza, egonkortasunaren eta lan partekatuaren esparruan egindako urrats bakoitza, aurrerapausoa dela, eta «hamarkada luze honetako testuinguru batean aurrerapen hori egiaztatzeak motibatzen eta ilusionatzen gaitu», gaineratu du.

Egindako balantzearen ondorio gisa, Lehendakariak nabarmendu du «Euskadi gai izaten ari dela zailtasunei erantzuteko eta pertsona guztientzako ongizate- eta bizi-kalitate handia bermatzeko», eta berretsi egiten du «egunero lanean jarraitzeko» borondatea, guztion ondasun horren alde.