Nafarroako Ekonomia % 0,5 hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta

0

Nafarroako Barne Produktu Gordina (BPG) % 0,4 hazi da urteko bigarren hiruhilekoan, NASTATek gaur jakitera eman dituen datuen arabera. Nafarroako Estatistika Institutuak adierazi du, gainera, urte arteko datuei dagokienez, Nafarroako ekonomiaren hazkundea % 2,1ekoa dela, Juan Cruz Cigudosa Ekonomia eta Ogasun, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren arabera, «aurreikusitakoa baino handiagoa».

Kontseilariak zifra horiek ezagutzera eman ditu prentsaurrekoan, eta “azken kontsumoan egindako gastua berreskuratzen ari dela” adierazi du. Bestalde, Cigudosak baita ere esan du “urte arteko ikuspegitik, jardueraren hazkunde-erritmoa moteldu egin dela argi ikusten bada ere, dezelerazioa txikia dela, Nafarroako ekonomiak inertziari eutsi eta urteko lehen seihilekoan batez beste %2,2 haztea lortu baitu”.

Oro har, gaur ezagutzera emandako zifren arabera, eskariaren aldetik, kontsumitzaileen konfiantzak gora egin du, kontsumo pribatua suspertu egin dela ematen baitu, urteko lehen hiruhilekoan izandako beherakadaren ondoren.

Enpleguaren portaerari dagokionean, Cigudosak honela gogorarazi du: “dinamikak positiboa izaten jarraitzen du; izan ere, enplegua sortzen jarraitzen da, Gizarte Segurantzako afiliatuen zifrek eta Biztanleria Aktiboaren Inkestako landunen datuek erakusten duten moduan; langabezia-tasa, berriz, ehuneko hiru puntu baino gehiago murriztu da, %8,8ra, hiru hiruhilekotan jarraian gora egin eta gero”.

Etorkizunerako aurreikuspenak

Etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, kontseilariak nabarmendu du “gure koadro makroekonomikoan aurtengorako aurreikusten genuen BPGdaren hazkundea, %1,4koa, lortzeko moduko helburua dela, eta ildo horretan mintzatu direla, hain zuzen ere, BBVA, Laboral Kutxa, Ceprede edo Hispalink bezalako kanpoko erakundeak. Nafarroako ekonomiari begira, haien berrikuspen berrienak %1,5 eta %2,1 artekoak dira, gure koadro makroaren %1,4ren gainetik, eta horrek, beste behin, Foru Exekutiboaren aurreikuspenak zuhurrak izan direla berresten du”.

Amaitzeko, Cigudosak honela gogorarazi du: “egungoa bezalako testuinguruan, tasen igoerekin eta Europako zerga-arauak 2024tik aurrera berraktibatzearekin, Nafarroako enpleguari eta finantza-kaudimenari eustea (superabitaren bidea berreskuratu du, eta zorpetze-maila azken hamarkadako gutxieneko mailatan izatea lortu du), euskarri onena da Nafarroako ekonomiak aurrera egitea indartzeko”.