Osasun Sailak 76 eta 80 urte bitarteko pertsonei zabaldu die zoster Herpesaren aurkako txertaketa-kanpaina

0

Euskadik 2022tik aurrera edozein adinetako arrisku-taldeei txertoa jartzeko aukera ematen die, eta 2023aren hasieratik 65 urteko pertsonei. Pixkanaka-pixkanaka, zaurgarritasun eta intzidentzia handiagoa duten tarteko adinei zabalduko zaie

 

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Zoster Herpesaren aurkako txertoa jartzeko programa zabaldu egingo zaiela 76 eta 80 urte bitarteko pertsonei (1943-1947 bitartean jaiotakoei). Euskadik, 2022tik, edozein adinetako arrisku-taldeei jartzen die txerto hori, eta, 2023aren hasieratik, 65 urteko pertsonei (1958. urtean jaiotakoei). Hartara, kolektibo horiei ez ezik, orain 76 eta 80 urte bitarteko kolektiboari ere jarriko zaio txertoa.

Zoster Herpesa, berez, iraganean barizela izan duen edozein pertsonak gara dezakeen gaixotasun bat da. Infekzio biral hori hainbat urtez egon daiteke gorputzean ezkutuan, eta, batzuetan, Zoster Herpes moduan berraktiba daiteke. Zoster Herpesak min handia eta larruazaleko erupzioak eragiten ditu gorputzaren alde batean, zerrenda edo adabaki moduan.

Hala, eta Euskadiko Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraituz, Osasun Sailak txertaketa-programa bat jarri zuen abian Zoster Herpesaren aurka babesteko. Txertaketa-programa hori edozein adinetako arrisku-populazioarekin hasi zen, eta, gero, 65 urteko pertsonei zabaldu zitzaien. Orain, 76 eta 80 urte bitarteko taldeari zabaldu zaio, adin-tarte horretan kasu gehiago izaten baita. Pixkanaka-pixkanaka, 65 eta 76 urte bitarteko pertsonak ere sartuko dira programan, populazio zaurgarriena osorik estali arte.

Osakidetzako profesionalei dagoeneko eman zaie programa horren berri; izatez, programak herritarrentzako informazioa, prestakuntza eta oroigarriak barne hartzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aditzera eman du txertaketa-programak garrantzi handikoak direla herritarren osasuna eta ongizatea babestu eta hobetzeko. Eta Zoster Herpesaren kasuan, gogorarazten du txertoa hartzea gomendatzen zaien pertsonek hitzordua eska dezaketela osasun-zentrora edo Osasun Kontseiluaren telefonora deituta: 900203050.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/vacuna-frente-herpes-zoster/web01-ejeduki/es/