Santa Klara LAB prozesu parte hartzailea

0

Zarauzko Udalak ‘Santa Klara LAB’ ekimena abian jarri du, Santa Klara komentua osatzen duten eraikinen etorkizunaren inguruan herritarren eta kultur eragileen iritziak eta ideiak jasotzea helburu duen parte hartze prozesu irekia.

Leire Arana (EAJ-PNV) Partaidetzako zinegotziak adierazi duenez, “zarauztar guztiok ditugu hainbat amets eta ideia Santa Klararen etorkizuneko erabileraren inguruan. Parte hartze prozesu hau ideien laborategi bat izatea nahi dugu, herritarren eta kultur eragileen ekarpenak eta iritziak entzuteko eta jasotzeko prozesu bat. Horretarako, parte hartze prozesuetan adituak diren Urbanbat gizarte-ekimeneko kooperatibako kideen laguntza teknikoa izango dugu”.

Hala, prozesuak hainbat fase izango dituela azaldu du Aranak: “Lehen fasea abuztuaren 4tik 31ra bitartean izango da. Santa Klarako ateak zabalduko ditugu eta erakusketa gela eta klaustrora sartzeko aukera izango dute herritarrek. Bertan, Santa Klarako eraikinen eta aretoen planoak izango dituzte eskuragarri, baita Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek ateratako argazkiak eta azalpen bideo bat, irudiekin, eraikinaren inguruan ahalik eta informazio gehien izateko. Horrekin batera, online galdetegi bat diseinatu da, bisita egin ondoren, informazio guztia eskuetan, hura bete eta ekarpenak egiteko”.

Galdetegia betetzeko ez da derrigorrezkoa izango Santa Klarara joatea: galdetegia www.zarautz.eus web orrian jarriko da, “parte hartu” atalean, eta harekin batera planoak eta azalpen bideoa txertatuko dira, norberak nahi duen momentuan betetzeko eta Zarauztik kanpo dauden bizilagunek ere parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ate irekiei dagokionez, hau izango da ordutegia: asteazken eta larunbatetan, goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, astelehen, astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara. Ate irekietara joateko ez da beharrezkoa izango aurrez izen ematea, dagokion ordutegian bertara gerturatzea nahikoa izango da.

Hurrengo fasea irailean izango da. Hilabete horretan zehar, herriko kultur eragileekin bilerak egingo ditugu eta, horrez gain, irailaren 27an abuztuan jasotako ekarpen guztiak batu eta saio ireki bat egingo da herritarrekin eta eragileekin. Azken honen helburua izango da jasotako ideiak aurkeztea eta horiek lantzea: badute lekurik Santa Klaran? Zein programek izan dezakete lehentasuna?

Saio ireki honetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. Izen ematearen inguruko informazioa irailean zabalduko den arren, abuztuko online galdetegia betetzen dutenek horren amaieran izena emateko aukera izango dute.

Amalur parkea, datorren udaberrian

Zentzu horretan, Aranak zehaztu du parte hartze prozesu hau, soilik, Santa Klarako eraikinaren inguruan ideiak elkarbanatu eta iritziak emateko dela: “Lehen pausoa Santa Klarako komentua osatzen duten eraikinen inguruko ideiak jasotzea da, egokitzapen lanak egiteko proiektua lehen bait lehen idatzi behar delako. Amalur parkearen inguruan ere herritarren iritzia ezagutu nahi dugu eta, horrexegatik, datorren udaberrian beste parte hartze prozesu bat irekiko dugu, Amalur parkearen etorkizunari buruzko ideiak jasotzeko. Azken finean, espazio hauek zarauztarronak izango dira, eta zarauztarron artean amestu eta irudikatu behar dugu Santa Klara eta Amalur parkeen etorkizuna”.

Next Generation funtsak eta proiektuaren epeak

Iker Basurkok (EAJ-PVNV), Agenda 2030 eta Proiektu estrategikoen zinegotzi arduradunak, prozesu hau orain martxan jartzearen arrazoiak emateko bi urte egin du atzera: “2021. urtean Zarauzko Udalak Santa Klarako konbentua eta inguruko eraikin multzoa erosi zuen eta, harrez geroztik, herriko ondare historiko eta arkitektoniko hau gorde eta babesteko beharrezko lanak egiteaz gain, etorkizunean espazio honi emango zaion erabilera bilatzeko lanean ari gara. Besteak beste, duela urtebete, 2022ko udan, ate irekiak antolatu genituen ondare hori herritarrei ezagutarazteko, eta historiaren zati garrantzitsua den eraikin-multzoa ikusteko aukera eskaini zitzaien zarauztarrei”.

Horrez gain, Zarauzko Udalak Santa Klara komentua ekipamendu soziokultural bihurtzeko birgaitze eta eraberritze oinarrizko proiektua aurkeztu zuen Next Generation Europako funtsetatik datorren laguntza-lerroa jasotzeko deialdi batera. Deialdi honen behin-behineko ebazpena 2023ko apirilean argitaratu zen eta Ministerioak 3.000.000 euroko gehienezko laguntza eman dio Santa Klara komentua birgaitzeko Udalak aurkeztutako proposamenari.

“Hori horrela, orain, lan horiek burutzeko exekuzio proiektua idazteko unea iritsi da eta horretarako zabaldu dugu parte hartze prozesu hau orain, abuztuan eta irailean. Izan ere, diru-laguntzetara aurkeztutako proiektuaren kronograman jasotzen da obrek urtebete baino lehen hasi beharko dutela, eta nahitaez, laguntza-deialdi honen oinarriek hala zehazten dutelako, 2026ko martxoaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dutela”, azaldu du Proiektu Estrategikoen zinegotziak.

«Etorkizunerako espazio honen erabilera definitzea aukera paregabea da gure herriarentzat, eta horrela jasota dago Zarautz 2030 proiektu estrategikoan. Orain, gure herriarengan pentsatuz ekarpenak egiteko unea da, etorkizunean Santa Klara zer izango den definitzeko, betiere gogoratuz errespetatu beharreko ondare-babes maila daudela eta horiek markatuko dutela proiektua”, burutu du Basurkok.