Garamendi sailburuak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinarazi dio Errioxa JDK Kontseilu Arautzailearen estatutuen aldaketa bertan behera uzteko errekerimendua

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak uste du Espainiako Gobernuaren xedapenek mahastizainen eta ardogileen arteko diskriminazioa ezartzen dutela eta enpresa askatasunaren eskubidea mugatzen dutela
  • Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek uste dute trabak jartzen zaizkiela beren mahatsa Errioxa Deituratik kanpoko beste ardo batzuk egiteko erabili nahi duten bazkideei

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik gaur jakinarazi dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari Errioxa Jatorrizko Deitura Kalifikatuaren (JDK) Kontseilu Arautzailearen estatutuak aldatzeko agindua baliogabetu, ezeztatu edo indargabetzeko errekerimendua, bai eta izendapen horren baldintzak aldatzea ahalbidetzen duen Errioxa JDKren baldintza agiria aldatzeko ebazpena ere. Eusko Jaurlaritzak aurreko asteko Gobernu Kontseiluan Ministerioari errekerimendu hori egitea onartu zuen, eta, demanda atzera botaz gero, dagozkion administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzeko baimena eman zuen.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren ustez, bi xedapen horiek zuzenbidearen aurkakoak dira, eta esklusibotasuna ezartzen dute Errioxa JDKan inskribatutako mahastien ekoizpenean. Horrek esan nahi du Errioxako JDKko Mahastien Erregistroan inskribatutako mahastietan lortutako mahats guztia ardo babestuak egiteko soilik erabili behar dela. Honenbestez, Estatuak hartutako neurriak baliogabetzea edo indargabetzea eskatzen du.

Errekerimenduaren formulazioa Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren eskariz egindako txostenean oinarritzen da. Zehazki, Errioxa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen estatutuak aldatzen dituen ekainaren 1eko APA/566/2023 Agindua eta Errioxa Deituraren baldintza agiriaren aldaketa onartzen duen Elikagaien Industriako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena baliogabetzeko, indargabetzeko edo ezeztatzeko eskatzen du.

Aldaketa horien bidez, sektoreko eragile edo ekoizleek ezin izango dute beren mahastietan ekoitzitako mahatsaren zati bat jatorrizko deitura berrietara edo Errioxa Deituratik kanpo ekoitzitako ardoetara bideratu. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiaren ustez, horrela, Errioxa Deituratik kanpoko beste ardo batzuk egiteko eta merkaturatzeko mahatsa erabili nahi duten bazkideei oztopoak jartzen zaizkie. Neurri hori murriztailea da lehiaren ikuspegitik, eta kalte egiten dio sektoreari.

Gainera, oztopo dira enpresa askatasunaren eskubidearentzat, mahastizainak (mahatsondoa landatzen dutenak) behartuta baitaude beren ardoa Errioxa Izendapenera bakarrik bideratzera. Horrela, mahastizainak eta mahastien titular diren upategi txikiak kaltetuta ateratzen dira; ardogileak edo ardo ekoizleak, aldiz, aukera gehiago dituzte. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak uste du horrek mahastizainen eta ardogileen arteko diskriminazioa dakarrela. Izan ere, mahatsa Errioxa JDKrako bakarrik erabiltzera behartzen zaie mahastizainei, eta ardogintzako korporazioek, handiek bereziki, hainbat jatorrizko deituratan jardun dezakete.

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiari administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jar ditzan, Ministerioak errekerimendua atzera botatzen badu.