San Bartolome gainak parke berria du

0

Parke honen irekiarekin San Bartolome Gaina kaleko urbanizazioa amaitu da

San Bartolome Gaina kaleak aisialdirako eremu berria du. Catalonia Donosti Hotela eta kale horretako 1-3-5-7 portaletako etxebizitza-eraikinaren arteko partzela egokitzeko lanak amaitu dira, behin inguruan dagoen belarra egonkortuta.

Aisialdirako eremu berri hau Angel eta Pablo de la Hoz arkitektoek eta Lur Paisajistak enpresak egindako proiektuari esker egin da, eta 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da. Nekane Arzallus alkateordeak eta San Bartolome Muinoako kudeatzaile Martin Arregik parke berria bisitatu dute. Eremu honen irekierarekin San Bartolome Gaina kaleko urbanizazioa amaitu da, eta aurreikusita dago laster Talent House II eraikina irekitzea.

Nekane Arzallusek azpimarratu duenez ‘eremuaren azken lurzatia urbanizatzeko kontuan hartu dela bertan San Bartolome Komentuaren eliza egon zela, eta beraz, parkean elizaren Gurutzadura erreplikatu nahi izan dela, komentua bertan egon zela gogorarazteko’.

Horrenbestez, parke berriak hiru gune ditu: erdian Komentuaren Elizaren Gurutzaduraren erreplika duen eremua; eskuinean kalistenia praktikatzeko eremua; eta ezkerrean haurrentzako jolasak dituen eremua.