Athleticek eta SD Eibarrek bana berdindu dute lehoien lagunarteko bosgarren partidan. Martonek aurretik jarri zituen zuri-gorriak Imanolen erdiraketa bikain baten ostean, baina Mario Sorianok ordu laurden geroago berdindu zuen partida Las Llanaseko zelai bete batean, athleticzalez gainezka.
Athleticen jokalari berriaren gola 19. minutuan iritsi zen, Ander Herrerak baloia azkar martxan jarri zuenean falta baten ostean, eta Imanol Garcia de Albebizek bikain erdiratu eta gero Javier Martonen burua. Aurrelariak ez zuen hutsik egin.
Ordu laurden geroago, Mario Sorianok partida berdindu egin zuen. SD Eibarreko jokalariaren erremateak atzelari zuri-gorri batean jo eta ezinezkoa egin zuen Julen Agirrezabalaren saiakera. Atsedenaldira bidean, bi taldeek aurkariaren atera iristens saiatu ziren, baina ez zuten golik aurkitu.
Bigarren zatiaren ostean, Ager Aketxe lehoi ohia area kanpotik saiatu zen, baina Erromotarraren jaurtiketa gora joan zen. Athleticek, bere aldetik, Hugo Rinconen lasterraldi bat eta Adu Aresen erremate on bat eduki zituen alde, saririk gabe. 60. minutua pasata, aldaketak etorri ziren. Valverdek Villalibre, Mattheus eta Aymane Jelbat zelairatu zituen, azken bi hauen lehen esperientzia izanik maila gorenean.
Gernikako aurrelaria bigarren gola sartzeko zorian egon zen korner baten irteeran, baina bere errematea, nahiko behartua, kanpora joan zen. Lehoiak berriro heldu ziren ezkerretik, eta Guruzetaren burukada langa gainetik joan zen. 72. minutuan Oihan Sancet berragertu zen 21 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartu ondoren. Nafarrarekin batera, Lekue, Vesga eta Ruiz de Galarreta sartu ziren.
Eta, hain zuzen ere, eibartarrak bere herriko taldea beldurtu zuen area barrutik egindako bi jaurtiketa gurutzaturekin. Armaginek Aranaren abagunea izan zuten baina Julen Agirrezabalak bikain erantzun zuen.
Azken minutuetan, lehoiek ere beste gol aukera bat izan zuten Lekueren bitartez, baina markagailua ez zen mugitu.