Euskal errezeta elektronikoa operatiboa da jada Portugalen, Kroazian, Polonian eta Finlandian, eta Estonian ere erabil daiteke orain

0

Euskadi erreferentzia da oraindik Europar Batasunean errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna zabaltzen

 

Euskadin bizi den pertsona orok Estonian erabili ahal izango du –edo alderantziz– bere errezeta elektronikoa (e-rezeta), bere historia klinikora jotzeko edo medikazioa farmazia-bulegoetan jasotzeko.

Europako Batzordeak bidezko baimena eman ondoren, euskal errezeta elektronikoa Portugalen, Kroazian, Polonian eta Finlandian ez ezik (herrialde horietan jasa operatibo zegoen) Estonian ere erabili ahal izango da aurrerantzean.

Hortaz, Euskadik erreferentzia izaten jarraitzen du Europar Batasunean errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasuna zabaltzen. Aurreikusitakoaren arabera, aukera hori 25 herrialde kideetara zabalduko da 2025. urtean.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da Europako instantziek konfiantza izatea Euskadik programa horretan egiten duen lanean. Nolanahi ere, programa hori, berrikuntza teknologikoa bultzatzeaz haratago, baliagarria izango da EBko esparru osoan herritarrentzako farmazia-prestazioa eta osasun-laguntza hobetzeko.  Besteak beste, sendagaiaren erabilera egokia eta arrazionala bultzatzen duelako, sendagaiak eskuratzeko aukera arintzen duelako, tratamenduak agindu ondoren osasun-zentroetako bisitak saihesten dituelako, paper-formatuan ematen ziren errezetak galtzea eragozten duelako eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna areagotzen dituelako.

         Autonomia Erkidegoen arteko elkarreragingarritasuna

Bestalde, errezeta elektronikoaren inguruan Euskadin 2018ko urtarrilean ezarri zen autonomia-erkidegoen arteko elkarreragingarritasunari esker, Estatuko edozein farmazia-bulegotan eskura daiteke medikazioa Osasun Txartel Indibiduala aurkeztearen bidez.

 

 

Ildo horretan, abian jarri zenetik, guztira 476.901 euskaldunek jaso dute beren medikazioa beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan, eta guztira 7.666.269 errezeta egin dira. Errezeta elektronikoa gehien erabili duten autonomia-erkidegoak honako hauek izan dira: Gaztela eta Leon (2.452.990 errezeta egin dira), Kantabria (1.431.981), Valentziako Erkidegoa (701.361), Errioxa (595.599) eta Galizia (585.089).

Bestalde, Euskadiko farmaziek beste autonomia-erkidego batzuetako 135.232 paziente hartu dituzte, eta 975.073 errezeta egin dizkiete guztira: Araban 194.409, Bizkaian 462.873 eta Gipuzkoan 317.791. Egindako errezeta horietako gehien-gehienak Gaztela eta Leongo pertsonek (187.334), Madrilgoek (147.771) eta Kantabriakoek (103.847) jaso dituzte.

E-rezeta izenekoak segurtasun- eta erosotasun-plus bat dakar erabiltzaileentzat. Hori dela eta, paperezko errezeta desagertu egin da ia erabat.  Izan ere, 2022. urtean, fakturatutako errezeten % 99,95 elektronikoak izan ziren.

 

 

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuak 3