Giza eskubideen René Cassin sariaren XX. ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du Eusko Jaurlaritzak

0
  • Sariaren helburua da giza eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoa duten pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea eta saritzea
  • Sariaren diru-hornidura 25.000 eurokoa da.
  • Hautagaitzak aurkezteko deialdia urriaren 16an itxiko da

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren bitartez, René Cassin Sariaren XX. edizioaren deialdia jada zabaldu du. Sari hau Eusko Jaurlaritzak 2003an sortu zuen, eta giza eskubideen aldeko jarduera nabarmenak jendaurrean aitortzea du helburu.

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 16ra arte luzatuko da. Deialdia irekita dago, beren ibilbide pertsonalari edo profesionalari esker giza eskubideak sustatzearekin, babestearekin eta hedatzearekin duten konpromisoa erakusten duten pertsonei edo taldeei.

Bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan izen handia duten pertsonek osatutako epaimahai paritario bat arduratuko da saritutako pertsona edo erakundea hautatzeaz.

Aurtengo edizioan, eta sarien 20. urteurrena dela eta, diru-horniduraren zenbatekoa bikoiztu egin da, iazko 12.000 eurotatik aurtengo 25.000 eurotara pasatuz.

Gaur egungo epaimahaia honako hauek osatzen dute: Manuela Mesa, CEIPAZ Bakerako Hezkuntza eta Ikerketa Zentroko zuzendaria; María Ojanguren, Gernika Gogoratuz-en zuzendaria eta sariduna 2010ean; Silvia Escobar, giza eskubideen inguruko misio bereziko enbaxadore ohia; Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; Monika Hernando, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria; Jose Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Juan José Álvarez, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna; Mikel Mancisidor, NBEko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea; Carlos Martin Beristain, Giza Eskubideetan aditua eta 2020ko René Cassin Sariaren irabazlea; eta Jon Mirena Landa, UPV/EHUko Giza Eskubide eta Botere Publikoen Katedrako zuzendaria.

 

René Cassini buruz

Sariaren izena René Cassin gogoratzeko ezarri zen. Cassin Baionan jaio zen, 1887ko urriaren 5ean.  I. Mundu Gerrako esperientzia tragikoak izugarri markatu zuen; harrezkero, gerra horretako soldaduen eta biktimen defendatzaile sutsua izan zen.

Aurten 75. urteurrena (1948-2023) ospatzen duen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen. Gainera, ezinbesteko eginkizuna bete zuen 1950eko Giza Eskubideen Europako Ituna lantzean. Bakearen Nobel Saria irabazi zuen 1968an, giza eskubideen alde atsedenik gabe borrokatzeagatik; sari hori Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzeko erabili zuen.

Giza Eskubideen René Cassin saria jaso duten pertsona eta erakundeen artean, honako hauek daude, besteak beste: “Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo” elkartea, Desmond Tutu, Sexual Minorities Uganda, Federico Mayor Zaragoza, Alec Reid, Koro Erdozia Lasa, Elisa Loncon Antileo, edo Dora María Tellez 2022ko azken edizioan.

 

Argibide gehiago nahi izanez gero: https://labur.eus/JHxxy