Hezkuntza Saila 279 ikastetxetan ari da egokitzapen-lanak egiten uda honetan

0
  • 5,9 milioi euro inbertitu ditu Hezkuntza Sailak funtzionaltasun, bizigarritasun eta segurtasun-baldintzak zaintzeko jarduketa hauetan
  • Hobekuntza-lan hauek udan egin ohi dira, eskola-jardueran eraginik izan ez dezaten

Udako opor garaian ikastetxeak eskola-jarduerarik gabe daudela baliatuta, Hezkuntza Saila egokitzapen eta hobekuntza-lanak egiten ari da uda honetan Euskadiko 279 ikastetxe publikotan —Haur Hezkuntzakoetan eta Lehen Hezkuntzakoetan zein Bigarren Hezkuntzakoetan—.Hezkuntza Sailak guztira 5,9 milioi euro inbertitu ditu ikastetxe publikoetan burutzen ari diren 351 jarduketa horietarako.

Ikasleen oporrekin bat etorriz, honako lan hauek ari dira egiten ikastetxeetan, besteak beste: akaberak eta estaldurak egokitzeko lanak; zoruak edo sabaiak konpontzea; espazioak birbanatzea; instalazio elektrikoak edo gas-instalazioak eguneratzea; komunak egokitzea edo berritzea; lehendik dauden eraikuntza-elementuak konpontzea; leihoak eta beirak aldatzea; pintaketa lanak; barruko arotzeriak konpontzea; kanpoko zoladurak hobetzea; fatxadak iragazgaiztea; edo teilatu-konponketak, beste hamaika lanen artean.

Burutzen ari diren jarduketa horietako batzuk, adibide gisa, honako hauek dira: Gernikako (Bizkaia) Allende Salazar HLHIan egitura sendotzea, 47.800 euroko inbertsioarekin; Arratzuko (Bizkaia) Barrutialde BHIn komunak birmoldatzea, irisgarriak izan daitezen, eta horretarako 33.200 euro jarriko dira; Gasteizko Miguel Unamuno Institutuan galdara beste kokaleku batean instalatuko da eta horrek 48.000 euroko kostua izango du; Laudio BHIn (Araba) 20.000 euro inbertituko dira espazioak egokitzeko; Bergarako (Gipuzkoa) Ipintza BHIn estalkia berrituko da, horretarako 25.000 euro jarrita; eta Irungo (Gipuzkoa) Pio Baroja BHIn 37.000 euroko inbertsioa, ikastetxean igogailua ipintzeko.

Uda honetarako aurreikusitako jarduketen helburua 273 ikastetxe horien funtzionaltasun, bizigarritasun eta segurtasun-baldintzak zaintzea izango da. Hezkuntza Sailak opor garaian egin ohi ditu jarduketak, ikastetxeak hutsik daudela eta, hartara, eguneroko lanean eragozpenik edo aldaketarik sortuko ez dela baliatuta.