Lehentasuna San Mamesera doan edo eslerkua uzten duen bazkidearentzat

0

Athletic Clubek oso modu positiboan baloratzen du aurreko denboraldian gizonezkoen lehen taldeak San Mamesen jokatu zituen LaLigako eta Kopako partidetara joan ziren bazkideen eta, oro har, ikusleen kopuruaren hazkundea. Klubaren helburua, denboraldi berri honetarako, harmailetan eserleku bakar bat ere hutsik ez uztea da, gure zaleen arnasa baita taldeak belar gainean duen indarrik handiena. Horrela, gainera, Katedralean esperientzia bizi nahi duten eta bazkide ez diren jarraitzaile athleticzaleen eskaera handiari erantzuna eman dakioke, eta bide batez, salgai jartzen diren sarrera kopuru txikia handitu ere, ticketing bidezko diru-sarrerak handitzea ahalbidetuz.

Horregatik guztiagatik, Athletic Clubek bere bazkideei eskatzen die, San Mamesera joaterik ez badute, app-aren edo Bazkideen Txokoaren bidez eserlekua lagatzea, egungo bi modalitateetako bat erabiliz: beste pertsona bati txartela lagatzea edo Klubari lagatzea. Bigarren aukera honetan, Klubak sarrera salduz gero, bazkideari honen prezio garbiaren %50eko itzulera egiteaz arduratzen da.

Testuinguru honetan, Klubak joan den denboraldian martxan jarri zuen eta San Mameseko bertaratzea saritzen duen neurria bultazen jarraituko du. LaLigako eta Kopako partidetan euren eserlekua gehien erabiltzen duten bazkideek, bai San Mamesen egonda, bai erabiltzen duen athleticzale bati edo Klubari utzita, lehentasuna izango dute denboraldi bakoitzeko balizko finaletako sarreren zozketetan.

Horrela sarituko da San Mamesera bertaratzea 2023-24 denboraldiko Kopako final hipotetiko baten aurrean 

Bazkide bakoitzak zozketarako zenbaki bat izango du zozketa egin arte LaLigan eta Kopan parte hartu duen partida bakoitzeko (txartela beste pertsona bati eman bazaio eta honek erabili badu, berdin-berdin kontatuko du, bai eta txartela Klubari utzi bazaio ere, saldu den ala ez kontuan hartu gabe). Bertaratutako partida bakoitzeko zenbaki bat jaso ez ezik, bazkide bakoitzak zenbaki bat gehiago ere izango du. Horrela, adibidez, LaLigako 13 eta Kopako 2 hitzordutan izan den, Klubari 2 aldiz txartela utzi (saldu edo ez saldu) eta beste pertsona bati partida baterako eserlekua utzi dion pertsona batek 19 zenbaki izango ditu esleituta balizko zozketarako (13 Liga + 2 Kopa + 2 Klubari lagapena + beste athleticzale bati lagapen bat + automatikoki gehiutako beste 1).

Guztira, 2023-2024 denboraldian San Mamesen jokatutako LaLiga eta Kopako partida guztiak hartuko dira kontuan, zozketa egin arte.

Finalerako txartela lortuz gero, Klubak horrela egingo luke zozketa bere bazkideen artean:

  • Bazkide guztiek parte hartuko dute zozketan. Partida batera ere joan ez diren bazkideak eta eserlekua behin ere ez laga ez dutenek zenbaki bakarra esleituko zaie zozketan. Gainerako bazkideek zenbaki bana jasoko dute San Mamesera joan diren LaLigako eta Kopako partida bakoitzeko, Real Madrilen aurkako Ligako lehen jardunalditik (2023ko abuztuaren 12a) zozketa egin arte. Hau da, bazkide batek bere eserlekua 15 partidatan erabili badu, 16 (15+1) zenbaki esleituko zaizkio zozketan.
  • Taldeka izena emanez gero, kide bakoitza joandako partiden kopurua gehituko da, eta zenbaki bat gehiago bazkide bakoitzeko. Totala taldeko parte-hartzaileen kopuruarekin zatituko da. Hau da, bi bazkidek 30 partidu badituzte bien artean (14+16), 16 zenbaki izango dituzte zozketan: (15+17)/2. 16 zenbaki horietako bat saritua izanez gero, taldeko bi kideek sarrera hartzeko eskubidea izango dute. Zatiketa egitean lortutako zenbakian hamartarrak baleude, alde batera utziko lirateke (hau da, partiden baturaren osteko zenbakia 31 izango balitz, adibidez, eta bi zatitan banatu beharko balitz; talde hori 15 zenbakirekin sartuko litzateke zozketan, 15,5eko hamartarra alde batera utzita).
  • Programa informatiko batek bazkideentzat eskuragarri dauden sarreren adina zenbaki aterako ditu.
  • Bazkide bakoitzak saritutako zenbaki bakarra eduki ahal izango du. Beraz, programa informatikoak bazkide baten zenbaki bat baino gehiago sarituz gero, lehenengoa bakarrik hartuko da saritutzat, eta gainerakoak baliogabetu egingo da.
  • Zozketa berean, programa informatikoak ordezko zenbakiak esleituko ditu, eta zenbaki horiek aurreko puntuan azaldutako arrazoiengatik baliogabetutako zenbakiak ordezkatuko dituzte.
  • Saritutako zenbaki guztiak bete ondoren, Klubak horien zerrenda argitaratuko du, dagozkien bazkide-kodeekin batera.