Covid-19aren eragina nabarmen murriztu da txertaketari esker eta aldaerek goixotasunaren larritasun txikiagoa eragiten dutelako

0

Larrialdi pandemikoa gainditu ondoren, aurreikusten da infekzioak aldian-aldian “gailurrak” eta “haranak” izango dituela jardueran eta intzidentzian, orain gripearekin edo biztanleriak izaten dituen bestelako arnas-gaixotasunekin gertatzen den bezala

 

Azken buletinaren arabera, 60 urtetik gorako pertsonetan zertxobait gora egin du, duela hilabete 2021etik Euskadin intzidentzia-maila minimoa erregistratu ondoren; une hauetan Osakidetzan 124 pertsona daude ospitaleratuta plantan eta 5 ZIUn

 

 

COVID-19aren eragina nabarmen murriztu da batez ere txertaketari esker eta hedatzen diren aldaerek gaixotasunaren larritasun txikiagoa eragiten dutelako.

Larrialdi pandemikoa gainditu ondoren, aurreikusten da infekzioak jarduera handiagoko edo txikiagoko uneak izango dituela eta intzidentziak, beraz, “gailurrak” eta “haranak” izango dituela, orain gripearekin edo biztanleriak izaten dituen bestelako arnas-gaixotasunekin gertatzen den bezala.

Berez, larritasun eta jarduera estazional txikiago horrek bultzatuta, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC)  gomendatu dute beste arnas-birus batzuekin batera zaintzea, eta Osasun Sailak hilabeteak daramatza lanean datorren udazkenean gomendio hori aplikatzeko.

Hala eta guztiz ere, Sailak gogorarazten du garrantzizkoa dela banakako prebentzio-neurriak mantentzea, besteak beste, maskara erabiltzea COVIDarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero edo arrisku-taldeen aurrean.

 

AZKEN BULETINEKO DATUAK

 

Honi erantsi zaion azken buletinak, abuztuaren 7ko datarekin, 60 urtetik gorako pertsonetan, 100.000 biztanleko, 7 egunetan metatutako 46,38ko intzidentzia jasotzen du, eta aurreko astekoa 34,45ekoa izan zen. Horrek adierazten du zertxobait gora egin duela, ekainaren amaieran/uztailaren hasieran 2021-2023 aldi osoko maila minimoak erregistratu ondoren.

Osakidetzan plantan ospitaleratutako pertsonen kopurua data berean, abuztuaren 7an, alegia, 124koa da, eta zazpi egun lehenago 89; 14 egun lehenago, 53;  eta 30 egun lehenago, 30. Ospitaleratze berrien batez bestekoa 15 pertsonakoa da, eta aurreko astean 12 ziren; orain dela 14 egun, 8; eta orain dela 30 egun, 5.

Bost pertsona daude Osakidetzan ZIUn; aurreko astean, berriz, 3 eta orain dela 14 eta 30 egun, kopuru bera.

Azken astean, 6 pertsona hil dira; aurrekoan, 3; orain 14 egun, 8; eta orain 30 egun, 9.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuak 7