Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du etzi, asteazkenean, muturreko tenperatura altuengatik

0
  • Arratsaldean tenperaturak 38-40 ºC-tik gorakoak izan litezke Euskadi barrualdean

Eusko Jaurlaritzak etzi, asteazkenean, abuztuaren 9an, 12:00etatik 21:00etara alerta laranja aktibatuko du muturreko tenperatura altuengatik Euskadi osorako, tenperaturak 40 ºC-ra irits baitaitezke.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, intsolazio handiak eta goi-presioek eragindako beroari Afrikatik iritsiko den aire oso beroa batuko zaio, eta horrek, hego-haizeak eraginda, tenperaturak asko igotzea ekarriko du datorren asteazkenean.

Asteazkenerako 40 ºC inguruko tenperatura maximoak espero dira Ebroren ardatzean eta trantsizioko eremuan, 39 ºC ingurukoak isurialde kantauriarraren barrualdean eta 34 ºC ingurukoak itsasertzean, haize leunak joko baitu.

Bestalde, gauean tenperatura altuak mantenduko dira hego-haizearen eraginez, eta ez dira 26-27 ºC-tik jaitsiko isurialde kantauriarrean eta 30 ºC-tik Arabako gainerako lurraldean.

Ostegunean ipar-haizeak joko du eta tenperatura maximoak nabarmen izango dira baxuagoak, eta 26 ºC inguruan geratuko dira itsasertzean eta 29-33 ºC inguruan barnealdean.

GOMENDIOAK: TENPERATURA ALTUAK (TENPERATURA ALTU IRAUNKORRAK EDOTA MUTURREKO TENPERATURA ALTUAK)

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, tenperatura altuen (tenperatura altu iraunkorren edota muturreko tenperatura altuen) arriskuaren aurrean, eta eragin ditzaketen ondorioei aurrea hartzeko edo ondorioak arintzeko asmoz, Osasun Sailak norbera babesteko emandako gomendio hauek jarraitzea aholkatzen du:

https://www.euskadi.eus/informacion/plan-para-prevenir-los-efectos-del-calor-2017-recomendaciones/web01-a3visol/es/

Bestalde, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen du Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) bidez.

BIZTANLERIA OSOARENTZAT:

  • Ongi hidratatu zaitez! Sarri edan ura eta likidoak
  • Janari arinak jan: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Arropa lasaia, arina eta arnasa hartzen uzten duena erabili.
  • Saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikoa ez egiten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Irteten bazara, burua estali eta itzaletik ibili.
  • Etxea fresko eduki, eta pertsianak jaitsi eta leihoak itxi bero handieneko orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Botikak toki freskoan gorde.
  • Arreta berezia eskaini haur txikiei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden eta bularra ematen ari diren emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisita itzazu zure inguruko adineko pertsonak, bereziki bakarrik bizi badira.
  • Inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Ordubetean baino gehiagoan luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomak sentituz gero, osasun-laguntza eskatu eta leku fresko batean egon.
  • Norbaitek konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.