Eusko Jaurlaritzak alarma gorria aktibatuko du gaur asteazkenerako muturreko tenperatura altuengatik EAEko barnealdean

0

Eusko Jaurlaritzak gaur, asteazkena, abuztuak 9, 15:00etatik 18:00etara bitartean, alarma gorria aktibatuko du muturreko tenperatura altuengatik Euskadi barnealderako, zehazki isurialde kantauriarraren barnealderako eta Arabako osorako. Horixe eman du jakitera komunikabideen aurrean egin duen agerraldian Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak. Agerraldian zuzendariarekin batera izan dira Iñaki Inoriza LAMZko plangintza-atalaren arduraduna eta Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoa.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ere aktibatuko du basoko suteen arriskuagatik aipatutako eremuetarako 12:00etatik 21:00etara, bai eta txingorra ekar dezaketen ekaitzengatik ere 20:00etatik 24:00etara EAE osorako. Era berean, beste abisu hori bat ere aktibatuko du, kasu honetan galernagatik, 20:00etatik 24:00etara bitartean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur 34 ºC-ra irits gaitezke itsasertzen, 40-42 ºC-ra isurialde kantauriarraren barnealdean eta 40 ºC-ra Arabako Lautadan eta Arabako Errioxan.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta-fasea mantentzen du tenperatura altuengatik, Euskalmetek bihar asteazkenerako, abuztuaren 9rako, egindako iragarpen meteorologikoari erantzunez. Alerta-fasea adierazi ez diren, baina gerta daitezkeen, larrialdiak aurreikusten direnean aktibatzen da, hau da, egoera ikusita, eta egoera horrek okerrera egiten badu, larrialdi hori gerta daitekeela ikusten denean, eta, beste hainbat ekintzaren artean, egoeraren etengabeko jarraipena egitea inplikatzen du.

Egoeraren etengabeko jarraipen hori egiteaz gainera, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) alerta-faseak inplikatzen du:

  • Garrantzizkoa izan daitekeen informazioa jakinaraztea, bai zerbitzu jarduleei bai herritarrei.
  • Baliabideak hurbiltzeko edo birkokatzeko mugimenduak egitea.
  • Larrialdi-fasean behar izan litezkeen prozedurak, baliabideak eta bitartekoak egiaztatzea, bereziki gutxitan gertatzen diren egoeretan.

GOMENDIOAK: TENPERATURA ALTUAK (TENPERATURA ALTU IRAUNKORRAK EDOTA MUTURREKO TENPERATURA ALTUAK)

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, tenpera altuen (tenperatura altu iraunkorren edota muturreko tenperatura altuen) arriskuaren aurrean, eta eragin ditzaketen ondorioei aurrea hartzeko edo ondorioak arintzeko asmoz, Osasun Sailak norbera babesteko emandako gomendio hauek jarraitzea aholkatzen du:

https://www.euskadi.eus/informacion/plan-para-prevenir-los-efectos-del-calor-2017-recomendaciones/web01-a3visol/es/

Bestalde, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen du Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak) bidez.

BIZTANLERIA OSOARENTZAT:

  • Ongi hidratatu zaitez! Sarri edan ura eta likidoak.
  • Janari arinak jan: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Arropa lasaia, arina eta arnasa hartzen uzten duena erabili.
  • Saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikoa ez egiten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Irteten bazara, burua estali eta itzaletik ibili.
  • Etxea fresko eduki, eta pertsianak jaitsi eta leihoak itxi bero handieneko orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Botikak toki freskoan gorde.
  • Arreta berezia eskaini haur txikiei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden eta bularra ematen ari diren emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisita itzazu zure inguruko adineko pertsonak, bereziki bakarrik bizi badira.
  • Inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Ordubetean baino gehiagoan luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomak sentituz gero, osasun-laguntza eskatu eta leku fresko batean egon.
  • Norbaitek konortea galdu badu eta botaka egiten badu, burua albo batera begira jarri eta arnasa hartzeko bideak libre utzi.

Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.