Osakidetzak Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea jarri du abian Urdulizeko Ospitalean

0

Unitate berri hau martxan jarrita, Uribeko ESIak zerbitzuen kartera zabalduko du, unitatearen helburua izanik gorabehera kardiobaskular bat jasan duten edo jasan dezaketen pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzea, haien bizi-kalitatea hobetuz eta morbimortalitatea murriztuz

Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea zortzi pazienterekin hasiko da: batez beste 58 urte dituzten lau emakume eta lau gizon

 

Urdulizeko Ospitalearen hazkundeak aurrera jarraituko du Bihotzeko Errehabilitazio Unitatearen jarduera abian jartzen denean. Iazko urtearen amaieran Errehabilitazio eta Fisioterapia Zerbitzua sartu zen Uribeko zerbitzuen karteran, eta orain, ESIko Kardiologia Zerbitzuarekin batera, Osakidetzak aipatutako unitate berri hori jarriko du martxan bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteentzat eta gorabehera kardiobaskular akutuak, besteak beste, miokardio-infartu akutua, jasan dituzten eta programan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pazienteentzat.

Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea zortzi pazienterekin hasiko da: batez beste 58 urte dituzten lau emakume eta lau gizon. Pertsona horiek Uribeko ESIko, Kardiologia, Errehabilitazio eta Fisioterapia zerbitzuetako profesional-talde batek diseinatu eta gainbegiratutako diziplina anitzeko programa baten bitartez gidatuko dituzte.

Heziketa eta entrenamendua

Programa osoak pare bat hilabeteko iraupena du. Atal hezitzailean 12 saio egingo dira, eta bertan pazienteek euren gaixotasuna ezagutzen ikasiko dute, eta kardiopatia iskemikoa edo bihotz-gutxiegitasuna zer den azalduko zaie. Horretarako, hainbat gai landuko dituzte: bihotzeko errehabilitazioa ulertzea, bizi-ohiturak hobetzea, arrisku kardiobaskularraren faktoreak kontrolatzea, medikazioa ezagutzea eta bihotzeko gaixotasun batek eragiten dituen estresa eta antsietatea bideratzea. Helburua pazienteak ahalduntzea eta rol aktiboa izatea da.

Bestalde, 18 saiotan euren patologiarako entrenamendu pertsonalizatua egingo dute.  Paziente bakoitzarentzat entrenamendurako eta hobetzeko eremu espezifiko sentikorrak ezartzeko aukera ematen duen hasierako ergoespirometria baten bitartez, entrenamendu-saioak optimizatzea lortuko da, gaitasun funtzionala, bizi-kalitatea eta pronostikoa hobetzeko helburu nagusiarekin.

Fisioterapiak garrantzi handiko eginkizuna du programan, bereziki entrenamendu aerobikoa inplementatzean, arnas-muskulatura lantzean eta indarraren entrenamendu espezifikoan, batez ere arnasa eraginkortasunez hartzeko gai ez diren edo bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteen kasuan. Indar-entrenamendu hori funtsezkoa da pazienteen gaitasun aerobikoa hobetzeko, ariketaren ondorio diren lesioei aurrea hartzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Instalazioak eta profesional-taldea

Jarduerak Urdulizeko Ospitaleko Errehabilitazio Zerbitzuan dagoen gimnasioan egingo dira. Guneak 200 metro koadro eta entrenamenduko 10 postu ditu (7 zikloergometro, eliptika 1 eta 2 tapiz gurpildun), pazienteek monitorizatuta entrenatu ahal izateko, bai eta indar muskularra eta arnas-fisioterapia entrenatzeko materiala ere. Uribeko ESIko Kardiologia eta Errehabilitazio zerbitzuetako medikuntzako, erizaintzako eta fisioterapiako profesionalek osatutako talde bat koordinatuta arituko da lanean paziente bakoitzarekin osasun-emaitza hobeak lortzeko.