Donostiako Aterpe Klimatikoen sarea

0

Kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 aterpe dira, hiri osoan zehar banatuta

Donostiako Udalak aterpe klimatikoen sare bat du, herritarrek berotik babesteko aukera izan dezaten, batez ere egun bereziki beroetan, esaterako duela gutxi izan dugun bero boladan. Aterpe horien helburu nagusia da beroak izan ditzakeen ondorio negatiboak murriztea, batez ere adinekoen artean.

Maiatzetik urrira bitartean erabili ahal izateko prestatuta daude aterpe klimatiko horiek. Etorkizunerako proiekzio klimatikoen arabera, muturreko tenperaturak eta bero-boladak ohikoagoak izango dira, eta gaixotasun- eta heriotza-tasak handitu egin daitezke horren ondorioz.

Kanpoko 53 aterpe eta barruko 36 aterpe dira, hiri osoan zehar banatuta. Kanpokoen artean, Donostiako parke eta berdeguneetako 300 hektareak daude, non zuhaitzen itzalari esker, beroa jasangarriagoa den. Barruko aterpeak liburutegietan, kultur etxeetan, elizetan, museoetan, kiroldegietan, merkatuetan eta elizetan daude kokatuta.

Barrukoetan tenperatura 26 gradutik beherakoa izatea gomendatzen da, eta atseden hartzeko eta erosotasuna emateko baliabide egokiak izatea, hala nola eserlekuak, komunak edo iturriak. Espazioak pertsona guztientzat irisgarriak izango dira, bereziki talde kalteberenentzat, hala nola adinekoentzat, haurrentzat edo arnasketa-arazoak dituztenentzat, eta berariaz horretarako prestatutako adierazleekin seinaleztatuta egongo dira.

Bero-boladak izanez gero, komeni da intentsitate handieneko orduetan etxetik ez ateratzea, eta, irten behar izanez gero, itzaletan ibiltzea. Aterpe klimatikoek baldintza termiko hobeak dituzten eremuak eskaini nahi dituzte bero gehien dagoen orduetan, eremu urbanizatuagoekin alderatuta. Liburutegietan, kultur etxeetan, kiroldegietan, museoetan, elizetan, merkataritza-guneetan… daude, betiere haien jarduera nagusia eta araudia errespetatuz.

Era berean, itzal handiagoko ibilbideak proposatzen dira, hiritik ibili behar bada, baldintza termiko hobeak izateko.