Uztailera arte iazko aldi berean baino % 10,2 gehiago bildu da Bizkaian itundutako zergen bidez

0

Uztailera arte itundutako zergen bidez 6.054,5 milioi euro bildu dira, hau da, iazko aldi berean baino 558,2 milioi gehiago (%  10,2ko igoera). Horrenbestez, 2023ko zerga bidezko diru-sarreren aurrekontuaren % 65,1 gauzatu da (guztira, 9.295,9 milioi euro).

Zuzeneko zergen bidez 3.246,7 milioi euro bildu dira, iaz baino % 15,1 gehiago. Kontzeptu nagusien artean, PFEZek guztira % 9,1eko igoera izan du. Gehikuntza bereziko handia izan da lanaren errenten gaineko atxikipenetan (% 14,0) eta .lanbide-jardueren, enpresa-jardueren eta arte-jardueren  errenten atxikipenetan (% 10,1). Halaber, gora egin dute kapital higigarriaren gaineko atxikipenek (% 29,0) eta kapital higiezinaren gainekoek ere (% 11,1). Errenta 2022 kanpainaren ondoren , PFEZaren kuota diferentzialaren zenbateko negatiboa 224,8 milioi eurokoa izan da; aurreko urtekoa 113,4 milioikoa izan zen..

Beste alde batetik, sozietateen gaineko zergak 722,8 milioi euroko ekarpena egin du (2022an 556,0 milioikoa izan zen) zergaren kanpainan bildutakoaren eta kapital higigarriaren eta kapital higiezinaren etekinen gaineko atxikipenen bilakaeraren ondorioz. Hain zuzen ere, zergaren kuota diferentzialaren bidez uztailera arte bildutako diru-sarrerak % 32,8 gehitu dira: aurreko ekitaldian 355,5 milioi euro bildu ziren eta oraingo ekitaldian 472,1 milioi.

Ondarearen gaineko zergaren kanpaina ere amaitu da: 83,0 milioi bildu dira, hau da, iaz baino % 6,5 gehiago.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bidez 93,1 milioi euro bildu dira, hau da 2022ko aldi berean baino 60,4 milioi euro gehiago.

Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren bidez 48,1 milioi euro bildu dira, % 4,1 gehiago.

Energia elektrikoaren ekoizpenaren gaineko zergaren bidez bildutakoa oso gutxia izan da (116.571 euro), energiaren prezioa kontrolatzeko ezarri diren arauen eraginez.

Zeharkako zergen bidez 2.311,0 milioi euro bildu dira, 2022an baino % 5,3 gehiago (116,6 milioi euro gehiago), nahiz eta kudeaketa propioko BEZaren bidez gutxiago bildu eta hidrokarburoen gaineko zerga bereziak ere beherakada jo. Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin egindako barneko doikuntzen guztirako kopurua  738,2 milioi euro izan da: 206,7 milioi Arabako Foru Aldundiarentzat eta 531,5 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.

Kudeaketa propioko BEZaren bidez 2.045,3 milioi euro bildu dira, iaz baino % 4,5 gutxiago. Zerga berezietara etorrita, doikuntza egin ondoren, behera jo dute hidrokarburoen gaineko zerga bereziak (% 4,1 gutxiago), tabako-laboreen gaineko zerga bereziak (% 1,2 gutxiago) eta elektrizitatearen gaineko zerga bereziak (% 37,2 gutxiago; honetan ere eragina izan dute araugintzako neurriek). Aldiz, gora egin dute alkoholaren gaineko zergak (% 7,3 gehiago) eta garagardoaren gaineko zergak (% 2,7).

Gainerako zeharkako zergetan gorabehera handiak izan dira: gora egin dute aseguru-primen gaineko zergak (% 6,4) eta joko-jardueren gaineko zergak (% 63,3) eta behera, aldiz, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kontzeptu biek (% 8,5 eta % 44,3, hurrenez hurren). Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga berriaren bidez 4,6 milioi bildu dira. Ibilgailuaren matrikulazioaren gaineko zergaren bidez 7,7 milioi euro bildu dira.

Tasak eta beste diru-sarrera batzuk 50,3 milioi euro izan dira, 2022ko aldi berean baino 13,2 milioi gehiago, berandutze-interesen eta zehapenen gehikuntzaren ondorioz: 9,0 milioi eta 3,2 milioi gehiago, hurrenez hurren.

Kudeaketa propioko zerga itunduen bidez guztira 5.608,1 milioi euro bildu dira, 2022ko aldi berean baino % 11,0 gehiago.

Kudeaketa propioari Estatuarekiko doikuntzak gehitu behar zaizkio, ekitaldiko bigarren seihilekoan lortutakoak kontabilizatutakoan. BEZaren doikuntzaren bidez Foru Ogasunak 604,1 milioi euro jaso ditu, zerga berezien doikuntzaren bidez 157,9 milioi euro ordaindu ditu eta gas fluordunen gaineko zergaren doikuntzaren bidez 0,2 milioi euro jaso ditu.