Athletic Clubek 0-2ko emaitzaz galdu du Real Madrilen aurka Ligako lehen partida, lehen zatian Rodrygok eta Bellinghamek sartutako golei esker. San Mamesen bildutako ia 49.000 zaleek babes handia eman zioten asko sufritu zuen taldeari.
Harrobiko hamar jokalarirekin hasierako hamaikakoan, 500 partida bete zituen De Marcos izan ezik, ia Lezamakoa bada ere, Athleticek atal fisikoan gaindiezina den Real Madrilen aurka neurtu zituen indarrak.
Lehoiak indartsu zelairatu ziren, baina berehala Ancelottiren taldeak bere hierarkia ezarri zuen. Alabak lehenengo aukeran ez, baina bigarrenean Rodrygok gola egin zuen jaurtiketa lehor batez.
Athletic iparra galduta geratu zen eta Simonek olanatik altxatu zuen taldea Alabari eta Viniciusi bi geldiketa bikain eginda, baina hirugarrenean Bellinghamek area barruan boleaz gola sartu zuen korner batean.
Debuta egin duen Unai Gomezek Lunini proba egin zion eta jokaldi berean Militaoren zakarkeria bat jasan zuen arean barruan. Zelaiko beste edozein lekutan, falta izango zen. Gil Manzanok eta VARek ez zioten jaramonik egin. Bigarren zatiko jokaldi batean, San Mameseko zaleek Militao txalotu zuten soropila zaurituta utzi behar izan zuenean.
Valverdek atsedenaldian Sancet, Berenguer eta Guruzeta zelaian sartu zituen, mirariaren bila. Eta geroago Herrera eta beste hasiberri bat, Imanol Garcia de Albeniz. Azken honek etorria erakutsi zuen. Bigarren zatia hasi eta bost minutura, Real Madrileko Militaok irrist egin zuen San Mameseko zelaian eta belaunean lesio larria duela dirudi. Atzelariak txalo zaparrada jaso zuen, zelaia herrenka uzten zuen bitartean.
Athleticek indarrak berreskuratzeaz gain, aurrerapausoa eman zuen; hori dela eta, Sancet eta Berenguerren bi aukera garbiz gozatu zituen, harresi zuriek azken momentuan bidea itxi zuten arren, eta Paredesek ere buruz gola egiteko aukera izan zuen. Bitartean, Simonek Viniciusen jaurtiketa bat urruntzea lortu zuen. Athletic ez zen markagailuan hurbildu, baina bai jokoan. Hortzak estutu eta fedez aurre egin beharko diogu Sadarreko neurketari.