Guztira 1.310,5 milioi euro bildu dira Araban uztailera arte

0

Zuzeneko zergengatik bildutako 584,4 milioi euroek eta zeharkako zergen bidez bildutako 578,5 milioi euroek lagundu dute dirubilketaren hazkunde horretan.

Horrela, aurreko urteko aldi berean baino 68,9 milioi euro gehiago bildu dira, eta ondorioz, 1.310,5 milioi euroko dirubilketa metatua lortu da; hau da, igoera % 5,5ekoa izan da.

DIRUBILKETA, GUZTIRA (laburpena)

Dirubilketa metatua aurreko urtekoa baino % 5,5 handiagoa da. Izan ere, 1.310,5 milioi euro bildu dira; hau da, 68,9 milioi euro gehiago guztira.

Zuzeneko zergen bidez % 7,5 gehiago bildu da, eta zeharkako zergen bidez, aldiz, % 5,3 gehiago, eta ondorioz, dirubilketa hazi egin da.

ZUZENEKO ZERGAK: 584,4 milioi euro (% 7,5)

PFEZ: 488,9 milioi (% 5,5)

Lan atxikipenen bidezko dirubilketaren joerak ere egokia izaten jarraitzen du; izan ere, 515,7 milioi euro bildu dira; alegia, aurreko urtean baino % 8,1 gehiago (38,5 milioi euro gehiago).

Lehen epean ordaindutako errenta kanpainako diru sarrerak soilik jaso direnean, itzulketak diru sarrerak baino % 29,5 handiagoak dira, bai eta aurreko urtekoak baino handiagoak ere, foru gobernuak inflazioari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz.

Hala, PFEZren kuotetan 55,9 milioi euroko zenbateko garbia itzuli da; aurreko urtean, garai honetarako, 43,1 milioi euro itzuli ziren.

PFEZaren bidez 488,9 milioi euro bildu dira guztira; hots, iaz baino % 5,5 gehiago; zehazki, 25,5 milioi euro gehiago.

SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA: 54,5 milioi (% 26,7)

Zerga horren kanpaina amaitu ondoren, aurreko ekitaldian baino 9,5 milioi euro gehiago bildu dira, aurtengo uztaileko dirubilketa kontuan izan gabe; hau da, dirubilketa metatua 50,6 milioi euro da, aurreko urtekoa baino % 23,4 handigoa.

ZEHARKAKO ZERGAK: 578,5 milioi euro, (% 5,3)

Zeharkako zerga guztien bilketa % 5,3 handitu bada ere, zerga nagusien bilakaera desberdina izan da.

Alde batetik, BEZaren bilketa % 8,4 handitu da, eta, bestetik, hidrokarburoen gaineko zergarena % 1,4 gutxitu.

BEZa: 383,8 milioi euro (% 8,4)

Aurreko urteko aldi berean baino 29,8 milioi euro gehiago bildu dira guztira. Hartara, 383,8 milioi euro bildu dira.

HIDROKARBUROAK: 131,1 milioi euro (-% 1,4)

Zerga horren bilketaren zenbateko metatua 131,1 milioi euro da.