Oñati, lau atxilotu enpresa batean lapurreta egiteagatik

0

Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Oñatin indarra erabiliz lapurreta egiteagatik, metalezko materiala lapurtu zuten enpresatik autoan ihesi zihoazenean harrapatu ondoren.

 

Atzo, igandea, 20:30ean, Oñatiko alarma-enpresa baten zentraletik Ertzaintzarekin harremanetan jarri ziren ustezko lapurreta baten berri emateko.

 

Handik laster hurbildu ziren enpresara polizia-baliabide batzuk, eta lau bidaiari zeramatzan auto bat ikusi zuten bertatik ihes egiten.

 

Autoa geldiarazi ondoren, agente jarduleek autoa miatu eta hainbat material aurkitu zuten. Patruilek dagozkion egiaztapenak egin zituzten, eta autoan zeramaten metalezko materiala alarma aktibatu zen enpresakoa zela identifikatu ahal izan zuten.

 

Horren aurrean, autoan zihoazen lau pertsonei jakitera eman zieten indarra erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotuko zituztela, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko. Atxilotutako bik era horretako egintzekin zerikusia duten polizia-aurrekariak dituzte. Eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak Bergarako Guardiako Epaitegira eramango dituzte.