Arriaga Antzokiak bihar estreinatuko du “Los Chicos del Coro” ikuskizun arrakastatsua, Aste Nagusian eskainiko duen musikala

0

Arriaga Antzokia prest dago 2023-2024 denboraldi berriari hasiera emateko. Bihar ostegunean, abuztuaren 17an, “Los Chicos del Coro, el musical” ikuskizun handiaren estreinaldiarekin ekingo dio egitarauari, irailaren 10era arte ikusgai izango den proposamenarekin alegia. Epe horretan, 25 emanaldi eskainiko dira. Hau izango da, beraz, Aste Nagusian izango dugun ikuskizuna: oso kalitate handiko proposamena da, elementu erakargarri ugari dituena. Lehenengoa, noski, izenburua bera da, musikala “Les choristes (Abesbatzako mutilak)” filmean oinarritzen baita. Film frantses zoragarriak mundu osoa hunkitu zuen 2004an eta bi Cesar Sari jaso zituen, eta baita Oscar sarietarako, Urrezko Globoetarako, Goya sarietarako eta Bafta sarietarako izendapenak ere, beste hainbat aintzatespenen artean.

Hain ospetsua den film bat eszenatokira eramateko, aktore talde oso ona behar da, eta Kak Group-ren eta AMR-ren ekoizpen honek badauka. Mathieu irakasle ikonikoarena eginez, Manu Rodríguez aktorea agertzen zaigu ikuskizun honetan, non Natalia Millán ezagunak, Espainiako eszenako musikalen interprete handietako bat denak, Violette Morhange hezurmamitzen duen. Horrez gain, Rafa Castejón aktoreak Rachin-ena egiten du, Fond de L’Etang barnetegiko zuzendari zorrotzarena. Gainerako aktoreak honako hauek dira: Eva Diago, Langlois matematika irakaslea; Iván Clemente Pascal Mondain-ena egiten; eta Xisco González Maxence gisa.

Eta, jakina, taula gainean, “Escuela Los Chicos del Coro” eskolako abesbatzako haurrak egongo dira —15 agertuko dira emanaldi bakoitzean—. Izan ere, musikalak ahotsetarako koru propioa du, Nicolás Martín Vizcaíno pianistaren eskutik sortu dena.