- 85 misio egin ziren, %80 kirol probetara, hau da, konpetizioetara, eta gainontzekoak entrenamenduetara
- Bost kirolari zigortu ziren iaz EPO, kokaina, kanabis edo clenbuterolean positibo emateagatik
Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 2022an 85 misiotan 321 kontrol egin zituen, inoizko kopururik handiena. Iaz bost kirolari zigortu ziren positibo kasuengatik. Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da eta Euskadin dopinaren aurkako borrokan du eskuduntza. 2005ean hasi zen agentzia kontrolak egiten eta dopinik gabeko kirola lortzeko eta dopinarekin zero tolerantzia kultura ezartzea lortzeko lan egiten du.
2022ko 85 misioetatik, %80, guztira 68, kirol probetara egin ziren, konpetizioetara alegia, eta 17 entrenamenduetara, hau da, konpetiziotik kanpo. Horrela, 288 lagin konpetizioan jaso ziren eta 33 konpetiziotik kanpo. Generoari dagokionez kontrolen xede izan ziren kirolarien %79 gizonezkoak izan ziren eta %21 emakumezkoak.
Dopinaren aurkako Euskal Agentzia da Euskadin egiten diren European Athletics Association-eko nazioarteko probetan, TKE Arraun Ligan edo Euskadiko Atletismo Federazioaren nazioarteko probatan, besteak beste, laginak biltzeko agintaritza. Era berean, 2022an KAE Liga (Kantauriko Arraun Elkartea), Emakumeen Donostiako Estropadak, Gizonezkoen Donostiako Estropadak edo Basque Crossfit bezalako probetan ere kontrol-arduraduna izan da. Gainera, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak dopin-programa bat du urtero Euskadin egiten diren kirol-proba desberdinetan.
Guztira 17 kirol modalitatetan egin ziren dopinaren aurkako probak, ugarienak arraunean (94 proba), errepideko txirrindularitzan (62), errepideko atletismoan (42), ziklokrossean (19) eta harrijasotzean (19).
Kirola | Kontrolak |
Arrauna | 94 |
Errepideko txirrindularitza | 62 |
Errepideko atletismoa | 42 |
Ziklokrossa | 19 |
Harrijasotzea | 19 |
Atletismoa-Krossa | 15 |
Duatloia | 14 |
Triatloia | 14 |
Aizkolaritza | 9 |
Pistako Atletismoa | 5 |
CrossFit | 5 |
Mendiko Lasterketak | 5 |
Eskupilota | 4 |
MTB txirrindularitza | 4 |
Atletismoa-Jaurtiketak | 4 |
Herri Kirol Pentatloia | 4 |
Fitness | 2 |
GUZTIRA | 321 |
Iaz egindako 321 kontroletan kontrako 6 emaitza analitiko atzeman ziren. Horietako bostetan kirolaria zigortu da. Espedientea hasi eta kirolaria zigortu zuten bost kasu positiboak honako hauek izan ziren:
- EPO (Eritriopoietina) S-2 taldea Eritropoiesis estimulatzaileak
- Clenbuterola S-1 taldea Agente anabolizatzaileak
- Benzoilekgonina (Kokaina) S-6 Taldea Estimulatzaileak
- THC (kanabisa), S-8 taldea kanabioideak
- THC (kanabisa) S-8 taldea Kanabioideak
Seigarren kasuan, Metilfenidato (S-6 Talde Bizigarriak) atzeman eta kontrako emaitza analitiko bat eman ondoren, atletak medikuaren baimena aurkeztu zuen eta espedientea itxi zen.
Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia
Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren zeregina eta eskumena da Euskadin dopinaren aurkako borroka kudeatzea. Espainiar estatuan dagoen bi agentzietako bat da Euskadikoa, bestea Estatu mailakoa da. 2022ko abenduan, Eusko Legebiltzarrak Kiroleko Dopinaren aurkako ekainaren 21eko 12/2012 Legearen bigarren aldaketa ere onartu zuen, indarrean dagoen legea Dopinaren aurkako Munduko Kodean egindako azken aldaketetara egokitzen duena.
Dopinaren Euskal Agentziaren eginkizunen artean prestakuntza eta aholkularitza ere badaude. Iaz hainbat prestakuntza eman ziren kirolarientzat, federazioentzat eta dopina kontrolatzeko agenteentzat. Euskal Surf Federazioko kirolari eta teknikarientzat eta Basque Teameko etorkizun handiko gazteentzat informazio-hitzaldiak ere eman ziren. Bestalde, 2022an, Dopinaren aurkako Euskal Agentziak aplikazio informatiko bat jarri zuen martxan, dopina kontrolatzeko zerbitzuak eskatzeko eta kontratatzeko.