ASTE NAGUSI HONETAN ERE, BAKARRIK BAI DA BAI

0

«SOLO SÍ ES SÍ/BAKARRIK BAI DA BAI» da Aste Nagusirako prestatutako eraso sexisten kontrako kanpainaren leloa.

Bilbok eutsi egin dio jokabide sexistak eta era guztietako bortizkeriak eragozteko konpromisoari, eta hala jakinarazi dute Juan Mari Aburto alkateak eta Kontxi Claver Berdintasuneko, Lankidetzako, Bizikidetzako eta Immigrazioko Saileko zinegotziak, jaietan erasoei aurre egiteko Udalak prestatu duen prebentzio- eta sentsibilizazio-estrategia aurkezteko ekitaldian.

Arriaga Antzokian izan da prentsaurrekoa –– gune neuralgikoa izaten da Aste Nagusian––, eta urian funtsezkoak diren eragile batzuen ordezkaritza izan da han: Bilboko Konpartsak, eta uriko beste Konpartsa batzuk, merkataritzako eta ostalaritzako elkarteak, ostalaritzako elkarteak, LGTBIQ+ Foroa, elkarte feministak, Emakumeen Udal Kontseilua eta Immigrazio Kontseilua, besteak beste, eta orobat Jaietako Saileko eta Segurtasuneko Saileko zinegotziak, Itziar Urtasun eta Amaia arregi, eta, haiekin guztiekin batera, udal korporazioko beste pertsona batzuk.

Aste Nagusiaren 43. edizio honetan txupina jaurti baino ordu gutxi batzuk lehenago ––abuztuaren 19an, arratsaldeko 19:00etan jaurtiko da––, Bilboko Udalak ostera ere gogorarazi du bere helburua, hau da, jaiak blindatzea edozein erasoren kontra.

Alkateak, oso serio, erasotzaile izan daitezkeenak ohartarazi ditu Udaltzaingoa izango dutela zain, eta Justizia, eta Bilboko herritarren arbuioa, «zeren eta gure urian ez dugu onartzen ez indarkeria matxistarik, ez inolako indarkeriarik». Era berean, Aburtok adierazi du jaien espiritua «JAIETAN JAI» izango dela, hau da gozatzea eta gozatzen uztea, «pertsona guztiek daukatelako beren lekua, libre izateko eta dibertitzea beste ardurarik ez izateko».

BAIEZKOA ETA ADOSTASUNA

Bilbo irmo agertu da eraso sexisten kontra eta era guztietako indarkerien kontra. «SOLO SÍ ES SÍ / BAKARRIK BAI DA BAI» leloa iaz ere erabili zen, eta aurten ostera ere, 2019an hasitako estrategia-ildoari jarraituz: bi kontzeptu elkartzen ditu, baiezkoa eta adostasuna, ezinbestekoak harreman afektiboetan. Eta bi horien garrantziaz mintzatu da Kontxi Claver bere hitzaldian, «adostasuna, eta baiezkoa, edozein harremanetarako ezinbestekoak dira. Eta jaietan ere bai. Begiruneaz ari gara, bata bestearendako desiraz, elkarrendako plazeraz, berdintasunaz eta askatasunaz…» Era berean, Aste Nagusiak bizikidetzaren aldetik zer izan behar duen definitu du: «jaiak pertsona guztientzako gune bat dira, adin guztietako jendearentzako, sineste guztientzako, genero, identitate, joera, jatorri, kultura, sentimendu  eta gustu guztientzako…»

Hala, bada, Udalak hainbat xede ditu: gizonei nahiz emakumeei hel egitea, emakumeen ahalduntzea, eta erantzukizun aktiboa galdegitea gizonezkoei eta gizarte osoari.

KANPAINA KALEAN

Abuztuan zehar, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Aste Nagusirako diseinatutako kanpainaren irudiak ikusi ahal izango dira, era bateko eta besteko publizitate-euskarritan, uriko kaleetan han eta hemen, eta halaber Udalaren sare sozialetan, eta baita webgunean ere: www.bilbao.eus.

Irudiaren diseinuari dagokionez, protagonista Marijaia da, errespetuzko eta berdintasunezko jaien defendatzaile handiena; besoak altxatuta, eta bi eskuturreko agerian, bata morea eta bestea ortzadarraren koloreekikoa, eskuen keinu baten bidez agertzen du indarkeria ororen kontrako gaitzespena. Gainera, «SOLO SÍ ES SÍ/BAKARRIK BAI DA BAI» leloa irakur daiteke, erdigunean , dagoeneko herritarren artean zabalduta dagoen mezu honekin: “NO ES NO/EZ BETI DA EZ«. Bi lelo horiek ingelesera eta frantsesera ere itzuli dira.

Jaietan ere hedatuko da mezua, kontzertuen agertokietako pantailetan eta uriko turismo-bulegoetan; gainera, kanpainarekin bat egin nahi duten konpartsetan, saltokietan, jatetxeetan eta hoteletan ere zabalduko da. Era berean, Udalak animatu egiten ditu herritarrak irudiak beren profil sozialetan erakustera, edozein eraso sexistaren aurrean baterako gaitzespena erakusteko.

BALIABIDEAK ERASOEN KONTRA

Zapatuan bertan, Aste Nagusia hastearekin batera, abiaraziko du Udalak bere udal-estrategia, zeinean, Udalaren Berdintasun eta Jaietako Sailek ez ezik, Udaltzaingoak ere parte hartzen duen, eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak ere bai.

Bilboko Udalak arreta-zerbitzua eskaintzen die indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren bidez. Bestalde, Udalak badu laguntza psikologiko eta juridikoko zerbitzu bat, eta Aste Nagusian zehar, erasoren bat gertatuz gero, arta eskainiko zaie erasoa jasan duen emakumeari eta haren senideei.

Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, Udala eta Bilboko Konpartsak ados jarri dira, Aste Nagusian ERASO SEXISTEN KASUAN AHOLKULARITZA EMATEKO ETA JARDUTEKO PROTOKOLOA ezartzeko. Orangoan, eguneratu egin da diseinua, eta ikusizkoagoa da haren edukia, eta ulertzeko errazagoa. Lehenengo aldiz, informazio-material horiek zortzi hizkuntzatan izango dira eskuragarrieta euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez ere kontsultatu ahal izango dira.

Jaietan banatuko den beste material bat, egoera horiek ezagutzen jakiteko eta nola jokatu jakiteko, INFORMAZIO-GIDAK izango dira. Eraso matxisten kontrako gidan, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, azaltzen da zer diren eraso sexistak, eta gomendioak ematen dira era horretako gertakariak eragozteko –– eta gertatuz gero, nola jokatu jakiteko–. Gidak bertsio digitaletan ere egongo dira eta dispositibo mugikorretara deskargatu ahal izango dira “Bilbao Aste Nagusia 2023” aplikaziotik. Web-orrian ere egongo dira eskuragarri.

«»Gure nahia da Bilbo guztian zabal dadila kanpaina hau, herritarrek parte har dezatela indarkeria matxisten kontra, eta horregatik jartzen dugu entitate guztien eskura, Konpartsen, ostalaritzaren, hotelen, enpresen eta abarren eskura…», adierazi du Kontxi Claverrek aurkezpenean.

LGTBIQ+FOBIAZKO, ARRAZAKERIAZKO ETA XENOFOBIAZKO GERTAKARIEN KONTRA

Udalak erasoei aurre egiteko duen estrategiak lehenengo bider landu ditu LGTBI+fobiazko, arrazakeriazko eta xenofobiazko arazoak.

Udalak abian jarri du zerbitzu bat LGTBIQ+fobiagatik eraso zaien pertsonei edo arrazakeria- edo xenofobia-gorrotozko gertakarien biktima izan direnei arta eskaintzeko.

Era berean, Udalak protokolo BERRI bat idatzi du, arrazakeriazko, xenofobiazko, ijitoen kontrako gorrotozko eta LGTBIQ+fobiazko gertakarien aurrean aholku emateko eta nola jokatu jakiteko, baldin eta jaietan halakorik gertatzen bada. Hala, bada, prozedura argi eta egituratu bat ezarri da era horretako erasoak jasaten dituzten pertsonentzat, eta prozedura horrek biktima izango du xede, hari arreta eta aholku hobea ematea, eta erantzun egoki bat eskainiko zaio, biktimari eta komunitatearen bizikidetzari eragindako ondorioen heinekoa.

Era berean, balio izango du, halaber, era horretako egitateen lekuko izan den edozein pertsonak jakin dezan nola jokatu eta lagundu. Jaietan jende kopurua handiagoa izaten da ––nahiz hirian bizi dena, nahiz hirira bisitan etortzen dena––, eta haiengana guztiengana heltzearren, protokoloa, halaber, zortzi hizkuntzatan eskainiko da: euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz, txineraz, errumanieraz eta portugesez. Arlo honetan, halaber, bada GIDA bat, Eusko Jaurlaritzak sustatua, era horretako gorroto-gertakarien aurrean nola jokatu azaltzen duena, eta Udalak zabaldu egingo du.

ERAGILE SOZIALEN FORMAZIOA

Udalaren estrategia berriaren osagai baten gisa, eta Udalak daraman prebentzio- eta komunitate-lanaren ildo berean, zenbait formazio- eta informazio-saio eman dira uztailean zehar, beren lana Bizkaiko hiriburuan gauzatzen duten hogeita hamar entitate eta erakunderekin baino gehiagorekin batera.

Saio horien helburua izan da eraso sexisten eta LGTBIfobiazkoen kontra eta gorrotozko beste gertakari batzuen kontra jarduteko konpromisoa hartzen duten agenteen sarea zabaltzea, merkatarien elkarteak, ostalaritzako lokalak, hotelak, segurtasun-zerbitzuak eta garbiketa-zerbitzuak barne hartuz, baita elkartegintza-mugimendua ere.

PUNTU MOREAK KONTZERTUETAN

Aurreko Aste Nagusian gertatu zen bezala, Udalak PUNTU MOREAK izango ditu jende gehien biltzen den kontzertu-guneetan, hala nola Abandoibarran eta Europa parkean, eta aurten, Plaza Barrian, Casilda Iturrizar parkeko Pergola eta Plaza Biribilean. Langileak izango dira han, formazioa jasotakoak eraso sexistei buruz eta arrazakeriazko, xenofobiazko, ijituen kontrako eta LGTBIQ+fobiazko gorrotoaren ondoriozko gertakariei buruz, eskatzen dutenei arta eta laguntasuna eskaintzen.

ERANSKAILUAK KOMUN PUBLIKOETAN, TELEFONOEN BERRI EMATEKO

Bestalde, beste berritasun batzuen artean, aurtengo Aste Nagusian, eranskailuak erantsiko dira komun publikoetan, edozein eraso salatu beharra izanez gero edo arreta edo laguntasuna behar izanez gero zein telefono-zenbakitara deitu behar den adieraziz. Hain zuzen:

  • Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112
  • Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60
  • Berdintasun Saila: 94 420 48 38

ERASTOP

Erasoak eragozteko beste tresna bat ere egongo da eskura jaietan, EraStop aplikazioa, hiru erabilera eskaintzen dituena:

  • Udaltzaingora seinale bat bidaltzeko, berehala, eraso bat jasaten ari garenean edo eraso bat jasateko mehatxua hurbil sentitzen dugunean.
  • Eraso bati buruz ohartarazteko, lekuko gertatuz gero.
  • Gure agendako kontaktu bati ibilbide batean zehar modu birtualean eta denbora errealean lagun egitea eskatzeko.