Irun, hiru atxilotu ostalaritzako lokal batean lapurreta egiteagatik

0

Ertzaintzak 32, 40 eta 42 urteko hiru gizon atxilotu ditu Irunen indarrez lapurreta egitea leporatuta, ostalaritzako lokal batetik kutxa erregistratzailea hartuta ihesi zihoazenean atzeman ondoren.

 

Atzo, asteazkena, goizaldean, aginte eta kontrol zentrotik Ertzaintzako baliabideei jakitera eman zieten indarra erabiliz ustez lapurreta egin zutela Irungo alde zaharreko establezimendu batean. 

 

Lekura agertu ziren Ertzaintzaren patruilek inguruko kaleak eta lokala bera miatu zituzten. Establezimendua ikuskatzean, agenteek ikusi zuten sarrerako ateko sarraila hautsita zegoela eta kutxa erregistratzailea falta zela. Horrez gainera, lokaletik kutxa erregistratzailea hartuta irten ziren ustezko lapurren deskribapena ere lortu zuten.

 

Informazio hori jakin eta ia berehala aurkitu zituen Ertzaintzaren baliabide batek ustezko lapurren deskribapenarekin bat zetozen hiru pertsona, eta beste baliabide batzuen laguntzaz atxiki ahal izan zituen. Une horretan bertan hasi zuten gertatutakoa argitzeko ikerketa, eta inguruan aurkitu zituzten lokaletik hartutako kutxa erregistratzailea eta itxura aldatzeko eta ez ezagutzeko aldatu zituzten arropak.

 

Horren aurrean, agente jarduleek hiru pertsona horiek atxilotu zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuetako bik era horretako egintzekin zerikusia duten polizia-aurrekariak dituzte. Hiru atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko, eta espero dute gaur, osteguna, goizean jarri ahal izango dituztela agintari judizialaren eskuetan.