Segurtasuneko udal operatiboa aurtengo Bilboko Aste Nagusiaz gozatzeko

0

Gaur goizean bertan, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Aste Nagusirako Segurtasuneko operatibo bereziaren xehetasunak amaitu dituzte. Hilabete batzuk dira horretan lanean hasi zirela.  Eta gaur, bi kidegoetako agintariak Segurtasuneko Koordinazio Batzordean bildu dira, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru dela; bertan izan dira, besteak beste, Asier Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, eta Amaia Arregi, Bilboko Udaleko Segurtasuneko zinegotzia.

 

Oro har, baterako segurtasun-operatibo koordinatu bat diseinatu dutezabalkundea izango duena uri osoan, funtsezko bi gaitan oinarrituta: segurtasuna bermatzea eta prebentzioan eragitea.

 

Agenteen plangintza koordinatua, eta erabakiak etengabe hartzea ere aurreikusten du dispositiboak, operatiboak unean-unean egokitu ahal izateko Aste Nagusiaren beharrizanetara.

 

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren agenteak uri osoan zehar ibiliko dira, egunaren 24 orduetan, kaleko jantzita zein uniformearekin, eta arreta berezia jarriko dute jende gehien pilatzen den tokietan. Hala nola, honako hauetan: Areatza, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Erkoreka plaza, Campo Volantin eta inguruak, Etxebarria parkeko barrakak, Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertu-guneak, Casilda Iturrizar parkea -bertan egongo baita Txikigunea-, Indautxu plaza, Moyua plaza…

 

Oro har, jende asko batzen da leku horietan eta horregatik, agenteak patruilatzen ibiliko dira, delituak prebenitzeko eta egindako delituei erantzuteko -batez ere, ebasketak izaten dira-. 2022ko Aste Nagusian, salatutako 1.786 delitu-egintzetatik ia % 72 (1.285) ebasketak izan ziren, gehienbat diru-zorroak eta mugikorrak. Datu horiek Ertzaintzak eta Udaltzaingoak batera emandakoak dira. Gainera, Ertzaintzak kontrolguneak ezarriko ditu jende asko biltzen den gune horietan, ibilgailuak igaro ez daitezen, eta arma edo objektu arriskutsuren bat eraman dezaketen pertsonen sarbidea iragazteko.

 

Nabarmendu nahi dugu ebasketen kasuan komisariatik kanpo ere jarri ahal izango direla salaketak Horrelakoetan, eta bestelako delitu arinetan -egile ezezagunak eragindako kalteak eta lapurretak- jarduneko udaltzainek, salaketa-akta aldean daramate-eta, delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak.

 

ERASO SEXISTAK PREBENITZEA

 

Operatibo honek garrantzi bereizia emango die eraso sexisten prebentzioari eta haien aurka jarduteari. Horiek horrela, handitu egingo da kaleko jantzita doazen, eta jai-gunearen barruan eta kanpoan erasoak prebenitzeko eta horiei berehala erantzuteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua; eta, gainera, bideozaintza (neurri pasibo gisa) ezarri, eta erakunde arteko protokolo guztiak aktibatuko dira, beharrezkoa denean.

 

Iaz sexu-askatasunaren aurkako 18 delitu gertatu ziren, gehienak ukitzeengatik. Delitu horiengatik zazpi pertsona atxilotu eta beste zazpi identifikatu zituzten.

 

Aipatzekoa da Bilboko Udalak, aurten ere, kanpaina espezifiko bat jarriko duela abian, «Aste Nagusian zurekin gaude», herritarrak anima daitezen Erastop aplikazioa deskargatzera.

 

Ekimen hori eraso sexisten aurkako prebentziorako eta sentsibilizaziorako udal estrategiaren barruan dago, zeinak herritarrak inplikatu nahi baititu, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jokabideak eta harremanak sustatzeko eta indarkeria matxista desagerrarazten laguntzeko. Estrategiaren leloa “Bakarrik bai da bai” da.

 

Horiek horrela, Erastop helburu hori lortzeko beste tresna bat da. Izan ere, aplikazio hori hiru gauzatarako erabil daiteke:

–          Udaltzaingora seinale bat bidaltzeko, berehala, eraso bat jasaten ari garenean edo eraso bat jasateko mehatxua hurbil sentitzen dugunean.

–          Eraso bati buruz ohartarazteko, horren lekuko izanez gero.

–          Gure agendako kontaktu bati ibilbide batean zehar modu birtualean eta denbora errealean lagun egitea eskatzeko.

 

Orain arte, 32.800 lagun inguruk deskargatu dute aplikazioa, Bilbon. Tresna horri esker, Bilboko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen maiatzean, bikotekide ohia jazartzeagatik eta mehatxatzeagatik.

 

Udaletxeko Udaltzaingoaren bulegoetan (Udala Auzo Ikuskaritza) arreta presentziala emateko zerbitzu espezifiko bat planifikatu eta diseinatu da, 22:00etatik 06:00etara, indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeenei lehen harrera eta arreta emateko, indarkeria horren adierazpen guztietan, bereziki kalteberak diren pertsonei eta gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko delitu edo istiluen biktimei. Hori guztia, Udalak emandako zerbitzua indartzeko, Berdintasun eta Gizarte Ekintza sailekin koordinatuta, jaietan gerta daitezkeen gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIQ+fobikoko gertakarien aurrean aholkuak emateko eta jarduteko protokolo BERRIAREN esparruan.

 

Aurreko Aste Nagusian gertatu zen bezala, Udalak PUNTU MOREAK izango ditu jende gehien biltzen den kontzertu-guneetan, hala nola Abandoibarran eta Europa parkean, eta aurten, Plaza Barrian, Casilda Iturrizar parkeko Pergola eta Plaza Biribilean. Langileak izango dira han, formazioa jasotakoak eraso sexistei buruz eta arrazakeriazko, xenofobiazko, ijituen kontrako eta LGTBIQ+fobiazko gorrotoaren ondoriozko gertakariei buruz, eskatzen dutenei arta eta laguntasuna eskaintzen.

 

BIDE-SEGURTASUNA. KONTROLAK INDARTZEA

 

Pertsonen babesa da segurtasun-dispositiboaren beste lehentasunetako bat: bilatuko da pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen arriskuak saihestea edo txikiagotzea, baita bide-segurtasunari dagokionez ere. Beraz, beste urte batez, indartu egingo dira alkoholemiaren eta droga-kontsumoaren alorreko prebentzio-kontrolak.

Ildo horretan, Udaltzaingoak kontrolak planifikatu ditu, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, uriko zenbait tokitan. Ertzaintzak gauza bera egingo du, urira sartzeko hainbat puntutan. Horren guztiaren xedea da herritarrak kontzientziatzea gidatzerakoan alkohola eta drogak ez hartzeak duen garrantziaz; alegia, tasa seguru bakarra % 0,0 dela ikusaraztea.

 

Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.

 

2022an, ia 135 alkoholemia-proba egin ziren hainbat kontroletan, eta soilik 3 izan ziren positiboak. 37 zirkulazio-istripu izan ziren azken Aste Nagusian (31 talka kalte materialekin, bost talka larritasun txikiko zaurituekin eta harrapatze bat).

 

ELIKAGAIEN SEGURTASUNA

 

Udaltzaingoak legez kanpoko kaleko salmenta ere kontrolatuko du. Izan ere, ezin da posturik jarri dagokion udal baimenik gabe; eta ez daude baimenduta, ezta ere, ebakuazio-bideak oztopatzen dituztenak edo herritarren segurtasuna eragozten dutenak.

 

2022ko edizioan, inolako osasun-kontrolik gabe saltzen ari ziren 49 kilo elikagai konfiskatu zituzten udaltzainek. Horrez gain, beste 23 kilo konfiskatu ziren: tabakoa, piroteknia, artisautzako artikuluak…

 

GALDUTAKO ETA AURKITUTAKO OBJEKTUEN SALBUESPENEZKO ZERBITZUA

 

Udaletxean, Udalaren Ikuskaritzan (Udaltzaingoa), Galdutako eta Aurkitutako Objektuen Salbuespenezko Zerbitzua jarriko da martxan berriro ere, jaietan zehar galtzen diren gauzak ahalik eta lasterren itzuli ahal izateko (diru-zorroak, giltzak eta/edo mugikorrak, batez ere).

 

Zerbitzu hori zabalik egongo da eguneko 24 orduetan, Aste Nagusi osoan zehar (telefonoa: 94 420 49 81), eta lau pertsona egongo dira arreta ematen, une oro (abuztuaren 19ko 18:00etatik, hilaren 27ko 24:00etara, igandea). Eta, abian jarrita, galdutako objektuak berreskuratzeko denbora murriztu nahi da, batez ere dokumentazio pertsonala.

 

Aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta-zerbitzu berezi horren ardura izango da aurkitutako objektuak eta/edo agiriak edo gauzak lokalizatzea eta jabeei ematea.

 

Gainera, zerbitzu hori arduratuko da diru-zorroak, dokumentazioa, telefono mugikorrak eta beste objektu batzuk ebasteagatik interesdunek jarri nahi dituzten salaketak jasotzeaz eta izapidetzeaz.

 

Galdutako objektua zer den, interesdunari dagokion informazioa eskatuko zaio; eta, telefono mugikorren kasuan, ezinbestekoa izango da IMEIa ematea.

 

Herritarren lankidetza eskatzen da, galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego horretara eraman ditzaten —itzulketen arrakasta objektuak aurkitzeko azkartasunaren eta jabeekin berehala harremanetan jartzearen menpe dago eta—.

 

Era berean, herritarrek aurki ditzaketen objektuak Udaltzaingoaren uniformedun patruilei ere eman dakizkieke, jai-esparruan patruilatzen ari diren patruilei edo jaietako, barraketako, kontzertuetako eta abarretako esparruetako sarbideetan dagoen beste edozein unitateri.

 

BABES ZIBILA

 

Osasun-dispositibo garrantzitsua izango du uriak, jai-eremu guztiei zerbitzu emango diena, larrialdiei erantzungo diena eta poliziekin eta suhiltzaileekin koordinatuko dena. Hala, Udalak anbulantziak eta osasun-langileak izango ditu Abandoibarreko eta Europa Parkeko kontzertu-guneetan, Etxebarria parkeko barraken esparruan eta inguruetan, barrakak martxan dirauten bitartean. Gainera, gune horretan zerbitzua areagotu egingo da su artifizialak bota aurretik, bitartean eta ondoren.

 

Aste Nagusiaren 9 egunetan (abuztuaren 19tik, zapatua, abuztuaren 27ra, domeka), Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuak batez beste 9 zerbitzu prebentibo eta operatibo egingo ditu egunero, jaiegunetako eta barraketako ekitaldietan eta esparruetan gerta daitekeen edozein larrialdiri edo arrisku-egoerari aurrea hartzeko.

 

Horretarako, egunero guardia indartuak izango dira, bai Miribillako Parke nagusian, bai Deustuko zonako Parkean, eta batez beste 37 suhiltzaile izango dira. Guardiako dotazio indartu horietan, uretako erreskateko eta urpekaritzako dotazio bat izatea aurreikusi da, itsasadarrean etengabe egongo dena, bi salbamendu-ontzirekin.

 

Goizetan azterketa operatiboko ekintzak egingo dira, ur-hartuneen eskuragarritasuna, kokapena eta eraginkortasuna aztertzeko, eta beste ebakuazio- eta babes-neurri batzuk aztertuko dira jai-esparruetan eta kontzertuen eremuetan. Arratsaldeetan eta gauetan, Aste Nagusian programatutako jai- eta kultura-ekitaldi ugarietako prebentzio-zerbitzu operatiboak garatuko dira, hau da, musika-kontzertuetan, itsasadarreko jardueretan, ikuskizun piroteknikoetan eta abarretan.

 

Egunero ikusle eta pertsona gehien biltzen dituen ekitaldia Mallonatik botatzen diren su artifizialak dira. Horretarako prebentzioko dispositibo berezia planifikatu da 20:30etik aurrera, Itxaropen kalean, Zingira eta Itxaropen kaleak elkartzen diren lekuan, Venezuela plazan, suak jaurtiko diren eremuan eta Mallonako saskibaloi-zelaian, bai eta itsasadarrean ere – Areatzako zubiaren eta Zubizuriren artean –.

 

Zerbitzu horiek guztiak Miribillako Aginte eta Koordinazio Zentro bateratuak koordinatuko ditu, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Babes Zibileko teknikariekin batera. Azken horiek ere guardia indartuko dotazioak izango dituzte.

 

Era berean, Abandoibarreko kontzertuetan zehar, urpekari batzuk kokatuko dira inguruetan. Baita Marijaia erretzen denean ere. Bestalde, larrialdi-zerbitzurako bide bat egongo da itsasadarrean, eskumako ibaiertzean. 20 metro zabal izango da, eta ontziek ezingo dute hura erabili. Balizatuta egongo da, eta ebakuazio- eta larrialdi-kasuetan baino ez da erabiliko. Itsasadarraren kontrola 21:00etatik 01:00etara egingo da, Gurutze Gorriaren, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Bilboko Suhiltzaileen ontzien bidez.