Amaitu da bizkaia espetxearen eraberritzea, bi hilabeteko lanen eta milioi bat euroko inbertsioaren ondoren

0
  • Bizkaiko espetxeak bertako espazioen berrikuntza egin du, eta zaharkituta zeuden elementuak ordeztu ditu
  • Lanik garrantzitsuenak patioan egin dira, eta kirol-pista bihurtu da patio hori, futbolean, saskibaloian eta euskal pilotan aritzeko
  • Obrek iraun duten aldian Bizkaia espetxetik kanpo egon diren 44 barneratuak pixkanaka itzultzen ari dira

Bizkaia Espetxean birmoldaketa egin da azken bi hilabete eta erdian. Eraikina 1964koa da, eta eraiki zenetik inoiz ez da horrelako ezaugarri eta tamainako eraberritzerik egin. Espetxearen egitura-premiez jabetuta, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak birgaitze handi bat hasi zuen ekainean, eta orain amaitu da, egikaritze-enpresak obra entregatu duenean (abuztuaren 11n).

Lanek ia milioi bat euroko aurrekontua izan dute, eta hainbat fasetan egikaritu dira; besteak beste, ikasgelak eraberritu dira, inguratzailea eta barneko akaberak egokitu dira, eta dutxen eremua eta sareko kableak berritu dira. Azken helburua kartzela-gelen eta erabilera komuneko guneen bizigarritasuna eta erosotasuna ziurtatzea izan da, askatasunaz gabetutako pertsonek aisia-, jolas- eta kultura-jarduerak edota tailerrak egin ahal izateko.

Ildo horretan, Bizkaia Espetxeko barneratuek aire zabalera irteteko eta kirola egiteko erabiltzen duten kanpoko patioa zen eremurik kaltetuenetako bat. Hormigoizko zoruak gabezia nabarmenak zituen, pitzadurak, desnibelak eta iragazketak baitzituen. Horregatik, kirol anitzeko pista bihurtu da, nagusiki futbolean, saskibaloian eta euskal pilotan aritzeko. Pista birgaitzeak eta egokitzeak eta kirol-zoladura egokia ipintzeak 465.000 euro inguruko kostua izan du.

Lan horiek egiteko, erdiko patioa erabilezin utzi behar izan zen, eta, beraz, presoen eta eraikuntza-enpresako langileen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu behar izan ziren. Hori dela eta, 44 barneratu EAEtik hurbil zeuden beste espetxe batzuetara eraman ziren aldi batez. Bere garaian iragarri zenez, eta obrak amaitu ondoren, barneratuak dagoeneko Bizkaia Espetxera itzultzen hasi dira.

Irteera bezala, itzulera pixkanaka egiten ari dira, eta 44 pertsona horiek hilabete honen amaierarako egongo dira Bizkaiko espetxeko errutinetan murgilduta. Pertsona horiek guztiak prebentzio-egoeran daudenez gero, haiek joateak ez du eragotzi ezarritako ezein tratamendurik edo ibilbide indibidualik.

Irteteko zein itzultzeko lekualdatze guztiak inolako gorabeherarik gabe koordinatu dira Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzaren eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren artean.