Milioi bat berrehun mila pertsonak baino gehiagok bete dute Aste Nagusi «biribila»

0

Donostiako alkateak, Eneko Goiak, adierazi duenez, milioi bat eta berrehun mila pertsona inguruk gozatu dute Donostiako Aste Nagusian antolatutako 300 ekitaldi baino gehiagoz, jai «biribilak» umorez eta giro onez betez.

Aste Nagusiaren behin-behineko balantzearen aurkezpenean, Goiak aste osoan zehar izandako normaltasuna, parte-hartzea eta giro ona azpimarratu ditu, ez baita gertakari larririk izan.

Ohikoa denez, su artifizialak izan dira jarduera-programaren «errege», zalantzarik gabe, eta guztira 650.000 pertsona baino gehiago izan dira. Jende gehien bildu zuen gaua atzokoa izan zen, 110.000 pertsona inguru Vulcano etxea protagonista duen ikuskizun piromusikalaz gozatzen.

Sagueseko kontzertuek 66.000 lagunetik gora bildu dituzte, Danny Ocean publikoaren zerrendan lehena dela, eta En Tol Sarmiento arabarrak atzetik.

Gainera, milaka pertsonak parte hartu dute gainerako jardueretan: diskofesta, lehiaketa grastronomikoak, kirol-probak, haur-jolasak eta gainerako musika eta kultur jarduerak izan dira Aste Nagusiaren ezaugarri nagusiak, «eskaintza askotarikoa baitu, publiko guztietara iristen dena eta arrakasta eredu bat dena», Donostiako alkateak adierazi duenez.

 

Segurtasuna

Behin betiko datuen faltan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 78 pertsona atxilotu dituzte azken zazpi egunetan, gehienak lapurretengatik, droga-trafikoagatik eta borrokengatik.

Goiak Segurtasuneko arduradunen eta hiria patruilatu duten agenteen lana eskertu du.

Gainera, alkateak nabarmendu duenez, orain arte ez da sexu-erasoagatik salaketarik jarri, eta, horren ondorioz, «esan dezakegu jai libreak izan direla gizonentzat eta emakumeentzat«.

Alkateak eskerrak eman dizkie jaien antolaketan parte hartu duten pertsona guztiei, baita udal zerbitzuei ere: Udaltzaingoari, Ertzaintzari, garbiketa eta mantentze-lanetako langileei, mugikortasuneko agenteei edo dBuseko langileei.

Guztira, 1.300 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte jai-jardueren antolaketan, baina zerbitzu desberdinetako langileei gehituta, jai-dinamikari lotutako 3.000 pertsonatik gora dira.