Partida aurrekoa: CA Osasuna – Athletic Club

0

Athletic Clubek gaur gauean ekingo dio, 21:30etik aurrera, 2023/24 denboraldiko lehen irteerari. Partida Sadarren jokatuko dute zuri-gorriek eta CA Osasunak, LaLiga EA Sportseko bigarren jardunaldiari dagokiona. Inaugurazio jardunaldian Real Madriden aurka estropezu egin ondoren, lehoiek emaitza irauli eta hiru puntu garrantzitsu lortu nahi dituzte kanpainako lehen derbia irabazteko.

Deialdia

Entrenatzaile zuri-gorriak 23 jokalari deitu ditu talde gorritxoaren aurka jokatzeko. Yeray, Yuri eta Dani Garcia baja dira berriz ere, hainbat arazo fisikoren ondorioz, eta Nolaskoain azken orduan batu da min hartutakoen talde honetara. Bestalde, bigarren astez jarraian, harrobiko jokalariak diren Adu Ares, Unai Gomez eta Beñat Prados gaurko derbirako zerrendan sartu dira. Gainera, Unai Egiluz estreinatuko da.

Ernesto Valverde

Errepasatu hemen Ernesto Valverdek egindako adierazpenak gorritxoen eta zuri-gorrien arteko demaren aurretik.

Aurkaria

Club Atletico Osasuna 1920ko urriaren 24an sortu zen, eta egun horretan bertan jokatu zuen bere lehen futbol partida. LaLiga EA Sportseko lau klub profesionaletako bat da, Real Madrid, FC Barcelona eta Athletic Clubekin batera, ez baita Kirol Sozietate Anonimo bat, beraz, klubaren jabetza bazkideek dute. Azken urteetako historian, Osasunak Txapeldunen Ligako atariko fase batean parte hartu du, UEFA Kopako lau ediziotan, 2006/07 denboraldian lehiaketa honetako finalerdietara iritsiz eta Kopako bi final galdu ditu; 2004/05ean Real Betisen aurka eta aurten bertan Real Madriden aurka.

Arazo ekonomikoak gaindituta, Jagoba Arrasate gorritxoen taldeko buru zela (2018/19), CA Osasuna Bigarren Mailako txapelduna izan zen, eta harrezkero futbolaren maila gorenean finkatu da. Berriatuko entrenatzailearen lanak Lehen Mailan jarraitzeko borrokatik sailkapenean asmo handiagoko helburuak lortzera pasatzeko balio izan dio talde iruindarrari; hain zuzen ere, joan den ikasturtean Kopako finala jokatu zuen eta aurten Conference League-an lehiatuko da.

Osasunak garaipen bat erdietsi du etxetik kanpo LaLigako lehen jardunaldian. RC Celtari 0-2 irabazi zion, Ruben Garcia eta Moi Gomezen golei esker.

Estatistikak

1935/36 denboraldian LaLigan lehen aldiz elkarren aurka jokatu zutenetik, CA Osasunak eta Athletic Clubek 84 partida jokatu dituzte guztira maila gorenean eta bilbotarrek 41 partida irabazi dituzte, 23 berdindu eta 20 galdu.

Sadarren jokatutako ligako 42 neurketei dagokienez, Athletic Clubek balantze positiboa du: 18 garaipen, 11 berdinketa eta 13 porrot.

Bi taldeek Nafarroako hiriburuan jokatu dituzten azken bost neurketei dagokienez, Athleticek hiru garaipen eta bi porrot lortu ditu.

Kontsultatu CA Osasunaren aurkako estatistika guztiak.

Athleticzaleak munduan zehar

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen neurketa ez galtzeaz.