Alberdi, Arcel, Bayona, Franco, Garrone, Gillespie, Glazer, Hamaguchi, Haynes, Kaurismäki, Kore-eda, Petzold, Thornton, Triet eta Wenders, Donostia Zinemaldiko Perlak sailaren hautaketan

0

Urrezko Palma, Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Cannesko Epaimahaiaren Saria, Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Sundance, Venezia eta Toronton hautatutako beste film batzuk lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Maite Alberdi, Nikolaj Arcel, J. A. Bayona, Stéphanie Di Giusto, Michel Franco, Matteo Garrone, Craig Gillespie, Jonathan Glazer, Ryûsuke Hamaguchi, Todd Haynes, Aki Kaurismäki, Hirokazu Kore-eda, Christian Petzold, Celine Song, Warwick Thornton, Justine Triet eta Wim Wenders zinemagileek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko Perlak sailaren film-hautaketa. Eta Ladj Ly Les Misérables filmaren egilearen film berriak itxiko du saila lehiaketaz kanpo.

Jonathan Glazer britainiarrak (Londres, Erresuma Batua. 1965) inauguratuko du sailaren lehiaketa The Zone of Interest filmarekin. Under the Skin film goretsia zuzendu eta hamar urtera itzuli da egilea film luzera. Martin Amisen izen bereko eleberriaren egokitzapen aske honek Auschwitzen aldamenean bizi den familia alemaniar baten eguneroko bizitza erretratatzen du; Cannesko zinema-jaialdiko Sari Nagusia beretu zuen zuzendari britainiarrak lan horrekin. Glazerrek Donostian aurkeztu zuen bere lehen filma, Sexy Beast (2000), New Directors sailean.

Les misérables (Perlak 2019) pelikula arrakastatsuaren ondoren, Ladj Lyk (Mali, 1980) bere bigarren filmarekin (Bâtiment 5 / Les indésirables) emango dio amaiera sailari lehiaketaz kanpo, Toronton izan ondoren; Les misérables filmak Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Cannesen, Europako film onenaren Goya irabazteaz eta Oscar Sarietarako izendapena jasotzeaz gain, besteak beste. Zuzendariak berriro transmititzen digu komunitate batek leku baten partaide izateko gauzatutako borroka.

Perlak sailaren hautaketak Ryûsuke Hamaguchiren (Kawasaki, Japonia. 1978) azken filma ere barne hartuko du; izan ere, Aku Wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialeko parte ere bada. Bere ingurumen-ondarea babestu nahi duen landa-eremuko herri txiki bati buruzko istorio honekin bosgarren aldiz hartuko du parte Hamaguchik Zinemaldian; lehen aldia 2008an izan zen, japoniarraren lehen lan Passion New Directors sailean lehiatu zenean.

Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko da, halaber, Cannesko Urrezko Palmaren irabazle Justine Trieten (Paris, Frantzia. 1978) Anatomie d’une chute / Anatomy of a FallAnatomie d’une chute drama judizial bat da, The Zone of Interest filmaren antzezle nagusi berbera duena: Sandra Hüller aktore alemaniarra.

Nikolaj Arcelek (Kopenhage, 1972) zuzendutako Bastarden / The Promised Land filmak –Veneziako zinema-jaialdiaren hurrengo edizioan lehiatuko denak– Mads Mikkelsen du protagonista; izan ere, Mikkelsenek –Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuenak, Thomas Bo Larsen, Magnus Millang eta Lars Ranthe lankideekin batera, Druk / Another Round (2020) lanagatik– Arcelen En kongelig affære / A Royal Affair (2012; ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako eta Berlinaleko gidoi onenaren Zilarrezko Hartza sarirako izendatua) filmean ere egin zuen lan, eta aberastasunaren eta ohorearen bila maite duen guztia sakrifikatzeko arriskua duen gizon baten rola egin du oraingo honetan.

Craig Gillespie (Sidney, Australia. 1967) zinemagile australiarrak Dumb Money filma aurkeztuko du Toronton estreinatu ondoren; Paul Dano, Seth Rogen eta Shailene Woodley dira protagonistak. I, Tonya (2017) filmaren zuzendariak GameStop txikizkako bideojoko-denden kate baten inguruko benetako kasu batean ipintzen du arreta bere film berrian.

Matteo Garronek (Erroma, Italia. 1968) lehendabizikoz aurkeztuko du Donostian film bat. Gomorra (2008) eta Dogman (2018) filmen errealizadorea Venezian lehiatuko da Io Capitano / I’m Capitain pelikularekin; Dakar utzi eta Europara doazen bi gazteren istorioa kontatzen digu oraingoan.

Hirokazu Kore-eda (Tokio, Japonia. 1962) Donostiako Sail Ofizialean lehiatu izan da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo, aruitemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (2011) lanekin (Gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Kisekik), eta Publikoaren Saria bi aldiz eraman izan du, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015) lanekin, hain zuzen. 2018an, Manbiki Kazoku / Shoplifters filmak Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen eta Oscar Sarietarako izendatu zuten, eta Kore-edak Donostia Saria jaso zuen. Kore-edaren azken filma –Kaibutsu / Monster– gidoi onenaren saria erdietsi zuen Cannesen.

Aki Kaurismäkiren (Orimattila, Finlandia. 1957) filmografiak etengabeko presentzia izan du Zinemaldian, 1988an Rocky VI film laburra Sail Ofizialean hautatu zutenez geroztik. Harrez geroztik, egilearen film hauek eman dira Zinemaldian: Tulitikkutehtaan tyttö / The Match Factory Girl (Zabaltegi, 1990); Kauas pilvet karkaavat / Drifting Clouds (Perlak, 1996) eta Mies vailla menneisyyttä / The Man Without A Past (Perlak, 2002, eta bi horiek 2007ko Sukar izoztua atzerabegirakoan); Le Havre (Perlak, 2011); eta Toivon tuolla puolen / The Other Side Of Hope (Fipresci Sari Nagusia, 2017). Bi pertsona bakartiren topaketa kontatzen digun Kuolleet lehdet / Fallen Leaves filmarekin, Epaimahaiaren Saria beretu zuen Cannesko zinema-jaialdian.

2017an El agente topo / The Mole Agent filmak proiektu-fasean Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI Saria irabazi ondoren, Maite Alberdik (Santiago, Txile. 1983) La memoria infinita / The Eternal Memory aurkeztuko du, Alzheimerraren aurka borrokatzen duen bikote bati buruzko ez-fikzioa; Sundancen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen World Cinema saileko dokumentalen kategorian.

Sail Ofizialetik The Impossible (2012) eta A Monster Calls (2016) filmekin lehiaketaz kanpo igaro ondoren, J. A. Bayona (Barcelona, Espania. 1975) Perlak saileko parte izango da lehen aldiz La sociedad de la nieve / Society of the Snow filmarekin (Veneziako Mostrari amaiera emango dio, halaber, filmak). Pablo Vierciren izen bereko liburuan oinarrituz, Bayonak bere dohain narratiboa Andeetako hegazkin-istripuaren protagonisten –nola hildakoen hala bizirik ateratakoen– istorioaren zerbitzura jarri du.

Todd Haynes (Los Angeles, AEB. 1961) –2013an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialeko presidente izan zena– ere Perlak sailean izango dugu aurten, Wonderstruck (2017) eta The Velvet Underground (2021) hautatua izan ondoren. May December lanean –Cannesko Sail Ofizialeko kide izan zenean–, 13 urteko ikasle batekin sexu-harremanak izateagatik kartzela-zigorra bete zuen irakasle baten istorioa kontatzen digute Julianne Moorek eta Natalie Portmanek. Bi hamarkada geroago, Hollywoodeko aktore batek bere historiari buruzko film bat egin nahi du.

Michel Francok (Mexiko Hiria, Mexiko. 1979) 2009an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Daniel y Ana, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean eta Donostiako Horizontes Latinos sailean aurkeztua. Cannesen izan zen berriro Después de Lucía (2012) filmarekin, eta Un Certain Regard saria eta Horizontes Latinos sailean aipamen berezia jaso zituen lan horrengatik. Horizontes Latinos sailean eman ziren, halaber, Chronic (gidoi onena Cannesen) eta Las hijas de Abril (Epaimahaiaren saria Un Certain Regard atalean). Nuevo orden –Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuena– Perlak sailean aurkeztu zen; aurten New Yorken filmatutako Memory drama hartuko du Perlak sailak. Jessica Chastain eta Peter Sarsgaard dira Veneziako zinema-jaialdian lehiatuko den film horren protagonista nagusiak.

Celine Song (Hego Korea, 1989) zuzendari eta gidoilariaren debuta, Past Lives, nabarmengarria izan zen oso Sundance jaialdian eta Berlinalean; nazioarteko kritikak goraipatu egin zuen filma. Past Lives maitasunaren, identitatearen eta nahi dugun bizitzaren eta bizi dugunaren arteko distantziaren esplorazioa da.

Ibilbide luze-luzea izanik, Wim Wenders (Düsseldorf, Alemania. 1945) errealizadore, gidoigile eta ekoizlea maiz izan dugu Zinemaldian: Donostia Zinemaldiko epaimahaiburu izan zen 2002an, Zinemaldiari hasiera eman zion 2017an Submergence filmarekin, eta ondo daki zer den Donostiako Publikoaren Saria irabaztea, The Salt of the Earth –Juliano Ribeiro Salgadorekin batera zuzendua– izan baitzen 2014an ikus-entzuleek gehien bozkatutako filma. Oraingoan Perfect Days filmarekin lortu nahi du saria; Cannesko gizonezko aktore onenaren saria beretu zuen Kôji Yakusho antzezleak film horrekin.

Stéphanie Di Giusto (Eaubonne, Frantzia. 1975) zinemagile frantziarra Rosalierekin lehiatu zen Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard atalean aurreko edizioan. La danseuse / The Dancer (2016) filmaren zuzendariaren bigarren filmeko bi antzezle nagusiak Nadia Tereszkiewicz eta Benoît Magimel dira; zehazki, sekretu bati aurre egin beharko dion bikote baten rola egiten dute.

Christian Petzoldek (Hilden, Alemania.1960) Zuzendaritza onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Barbara (2012) filmarengatik, eta 2014an Donostiako Sail Ofizialean lehiatu zen Phoenix filmarekin (Fipresci saria jaso zuen filmak). Bere azken filma Roter Himmel / Afire dugu, eta uda bero eta lehor batean elkarrekin opor-etxe batera joan diren lan lagunen elkarbizitza kontatzen digu egileak; Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen Berlinalean.

Azkenik, Warwick Thornton (Alice Springs, Australia. 1970) –Caméra d’or saria irabazi zuena Cannesen lehen filmarekin, Samson & Delilah (2009)–The New Boy aurkeztuko du, Canneseko zinema-jaialdiaren Un Certain Regard sailean estreinatu ondoren. Cate Blanchettek da film honen protagonista eta ekoizlea. Monja apostata batek gobernatutako monasterio urrun batean dago girotua filma, non mutiko aborigen umezurtz bat iristen den.

Klausurakoa izan ezik, Perlak saileko film guztiak dira Donostiako Udalak babestutako Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai. Esan behar da filmaren lehen emanaldira etorritako ikusleek erabakitzen dutela zein filmek merezi duen saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria dugu, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Film irabazlea Espainian banatzeko eginkizuna duten banaketa-enpresek jasotzen dute.

Armani Beauty –Zinemaldiaren official beauty sponsor laguntzailea– da Perlak saileko babeslea.