Dbusen erabileraren hazkunde handia izan da Aste Nagusian, 765.817 bidaiekin

0

2022an erregistratutako baino %25 gehiago izan dira

Dbuseko autobusen erabilera masiboa izan da 2023ko Aste Nagusian. Abuztuaren 12tik, larunbata, 19ra, larunbata, 765.817 bidaia egin dira Dbuseko autobusetan. Hau da, 2022an erregistratutako 615.279 bidaiak baino %25 gehiago izan dira, eta 2019an, Covid19 pandemiaren aurretik, erregistratutako 762.939 bidaiak baino %0,4 gehiago ere bai.

Zifra horiek ikusita, oraindik behin-behinekoak diren arren, Dbuseko autobusak izan dira berriro ere Donostiako jaietan gehien erabili den garraiobide publikoa.

Aste Nagusiaren barruan, abuztuaren 14an, astelehena, abuztuaren 17an, osteguna, eta abuztuaren 18an, ostirala, erabili da gehien autobusa; izan ere, 109.356 bidaia, 105.781 bidaia eta 105.645 bidaia erregistratu dira egun horietan, hurrenez hurren.

Gehien erabilitakoak

Aste Nagusian gehien erabili diren lineak:

  • Amarakoak (17, 21, 26 eta 28 lineak), 204.125 bidaiarekin
  • Antiguakoak (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak), 156.260 bidaiarekin
  • Altza-Bidebietakoak (13-14 lineak), 126.653 bidaiarekin
  • Egia-Intxaurrondokoak (8, 9, 29 eta 42 lineak), 79.653 bidaiarekin
  • Aietekoak (18, 19, 23, 31, 32 eta 46 lineak), 74.007 bidaiarekin

Gainera, mikrobus lineetan 24.443 bidaia erregistratu dira. Era berean, Gautxori lineetan erregistratutako 35.573 bidaiak azpimarratu behar dira, 2022arekin alderatuta %18 gehiago erabili dira-eta.

Dbusek zerbitzuen hedapen zabala egin du egun hauetan, 23.300 zerbitzu baino gehiagorekin. Zerbitzuak emateko, 270 gidari aritu dira, 42 pertsona gehiagoren laguntzarekin, batez ere ikuskatzaile eta tailerreko langile gehiagorekin, autobus flota osoaren koordinazio eta funtzionamendurako beharrezkoak ziren eta.