Alemania, Espainia, Hungaria eta Turkiako bost ekoizpenek hartuko dute parte WIP Europan

0

Alemania, Espainia, Hungaria eta Turkiako bost ekoizpenek osatzen dute WIP Europaren aurtengo hautaketa. Donostia Zinemaldiaren ekimena irailaren 25etik 27ra egingo da. Hein handienez, Europan ekoitzi diren postprodukzio-fasean dauden filmak biltzen ditu.

Michael Fetter Nathansky zuzendari alemaniarrak bere bigarren filma aurkeztuko digu, Mannequins (behin-behineko izena), Europako meatze-eskualde handienetako batean maitemintzearen magiari eta maitasuna galtzearen prozesu mingarriari buruzko drama erromantiko bat. Filmak Mannheim-Heidelbergeko zinema-jaialdiko Cutting Edge Talent Camp ekimenean parte hartu zuen proiektu-fasean zegoela.

Halaber, Sima’s Song Roya Sadat zinemagile afganiarraren bigarren film luzea da; emakumeen eskubideen aldeko aktibismoagatik nabarmendu izan da Sadat. Espainia, Herbehereak eta Frantzia arteko koprodukzio hau Afganistanen girotuta dago Gerra Zibila hasi aurretik. Kontrako iritzi politikoak dituzten bi lagun intimoen arteko liskarra kontatzen digu. Filmak Busango zinema-jaialdiko Asian Project Market merkatuko TAICCA saria irabazi zuen.

Rock Bottom, Espainia eta Polonia arteko koprodukzioa María Trénorren lehen film luzea –ekoizpen espainiarrekoa hau ere– Robert Wyatten bizitzan eta musikan inspiratutako animazioa da. Iaz, Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenean aurkeztu zen, baita 2023ko Marché du Film merkatuko Animation Day jaialdiko Annecy Animation Showcase delakoan ere. Egilearen ¿Con qué la lavaré? (2004) film laburra Berlingo zinema-jaialdian hautatua izan zen eta film labur onenaren Teddy Bear saria irabazi zuen.

Bestalde, Mihály Schwechtje zinemagile eta antzerkigile hungariarrak –film laburren zuzendari gisa ibilbide nabaria duenak– bere bigarren film luzea zuzendu du, Sündvadászat / A Hunt for Hedgehogs, noizean behin lehengusu baten seme-alabak zaintzen dituen kantu-ikasle bati buruzkoa. HBO Hungary katearen In Treatment telesail ezagunaren buru izan da. Bere lehen film luzea, Remélem legközelebb sikerül meghalnod:) / I Hope You’ll Die Next Time:) (2018), Tallinn Black Nights jaialdiko gazteen lehiaketako film onenaren sariaren irabazle izan zen eta arrakasta handia izan zuen Hungarian.

Azkenik, Zeynep Köprülü zuzendari turkiarrak bere lehen film luzea aurkeztuko du; hala, Suyun Yüzü / On the Water Surface pelikulako protagonistak jaioterrira bidaiatuko du bere amaren bigarren ezkontza ospatzeko, honek barne-bidaia ere ekarriko du beretzat.

Duela gutxi WIP Europan parte hartu duten zinemagile askok –hala nola Arantza Santestebanek, Tonia Noyabrovak eta Ion Borșek– Donostia Zinemaldiaz gain, nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan estreinatu dituzte beren lanak. Selman Nacar zuzendariaren Tereddüt çizgisi Hesitation Wound filma –2022an WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazi zituena– Veneziako zinema-jaialdiaren Orizzonti sailean estreinatuko da. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.

SARIAK

WIP Europa Industriaren Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs., Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No Problem Sonido. Film baten postprodukzio-zerbitzuetan datza saria –ingelesez eta gaztelaniaz azpititulaturiko DCP kopia egin arte- eta filmaren banaketa Espainian.

WIP Europa Sariak 10.000 euro emango dizkio WIP Europa Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiari.