Bilboko Txistularien Alardeak amaiera ezin hobea emango dio 2023ko Aste Nagusiari

0

Txistularien Alardea Aste Nagusiko musika hitzordurik handienetako bat da. Hala, Bilboko Udal Txistulari Bandak datorren igandean, abuztuak 27, esango die agur aurtengo jaiei, Bilboko Plaza Barrian 13:00etatik aurrera eskainiko duen Alarde tradizionala ospatuz.

Txaber Fernández zuzendari bilbotarrak gidatuko du ikuskizun handi hau, eta aurten ere dozenaka musikari, dantzari eta kantari elkartuko dira eszenatokian. Oraingoan, Miren eta Roberto Etxebarriak osatzen duten trikitilari bikotea eta Oinkari Dantza Taldea izango dira Alardeko gonbidatu bereziak.

Dantza konpainiako kideek, Kepa Junkeraren «Huriondo“ eta “Zolloko San Martinak» obrak, Alboka musika taldearen «Hiru piztiak» ezpata-dantza, «Koloreak» fandangoa eta «Kopla jokoa» arin-arina dantzatuko dituzte, besteak beste.

Era berean, txistulari bakarlari gisa, Izar Inbuluzketa nafarrak parte hartuko du, joan den apirilean Bilbon ospatutako I. Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketako irabazlea (B kategorian).

Gorka Zabaleta Bilboko Txistulari Bandako zuzendariarekin eta Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Peio Irigoien eta Asier García taldekideekin batera, kontzertuak dozenaka artista bilduko ditu agertokian, hala nola metal boskote bat, Iñigo Eskubi gitarran, Gorka Eskauriaza baxuan, Ander Zulaika baterian, Iñar Sastre teklatuan, San Anton Abesbatza eta Bizkaiko Gaiteroak, besteak beste. Horiek guztiak Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren gidaritzapean arituko dira.

Gogoratu behar da txistularien boskoteak, parte hartzen duen protoko-ekitaldiez gain, joan den abuztuaren 21ean Areatzako Kioskoan ere jo zuela «Haizetan dantzan» izeneko kontzertuan, Bilboko Udal Musika Bandarekin eta Basurtuko Beti Jai Dantza Taldearekin batera. Eta atzo, abuztuak 22, Santiago Plazan ere kontzertua eskaini zuen. Abuztuaren 23an eta 25ean Alde Zaharreko kaleak girotzen jarraituko du goizeko 11:00etan hasiko diren kalejira banarekin.

Azpimarratu beharra dago, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko ikuskizunik jendetsu eta herrikoienetako bat dela Bizkaiko Txistularien Elkarteko Bilboko Ordezkaritzak Areatzan antolatzen zuen garaitik, bertan.

2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Banda da ikuskizun honen arduraduna eta urte guzti hauetan zehar, hainbat artista gonbidatuk parte hartu dute bertan, adibidez, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik besteak beste.