Bost film lehiatuko dira XI. Sebastiane Latino saria eskuratzeko

0

GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu finalista, Donostia Zinemaldiaren 71. edizioan emango den XI. Sebastiane Latino saria irabazteko hautagai. Almamula, Cross Dreamers, El filo de las tijeras, El silencio de los hombres eta Transfariana dira aurten hautatutako filmak.

LGTBIQA+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2023an emakumezko bi zuzendarik eta gizonezko hiruk ordezkatuko dute defentsa hau Latinoamerikako lurralde osoan, Argentinatik lau ekoizpen iritsiko baitzaizkigu eta Kolonbiatik, berriz, beste bat.

«Hautaketa honek LGTBIQA+ pertsonen –bereziki, transen– errealitateen pluraltasuna eta aniztasuna islatzen du», adierazi du GEHITUk. Kolektiboak nabarmendu duenez, ordezkaritza horrek agerian uzten du «LGTBIfobia maskulinitate toxikoekin batera gertatu ohi dela, eta prestakuntzari, informazioari eta herritarren elkarrizketari esker desegin egiten direla bi horiek». Eta hau erantsi du: «Nola LGTBIfobiaren hala maskulinitate toxikoaren dirauten bitartean, gizarte osoak galduko du, ez soilik LGTBIAQ+ pertsonek».

2022an, Mariano Biasinen Sublime ekoizpen argentinarrari egokitu zitzaion Sebastiane Latino saria. Bertan, bere lagun-taldeko beste kide batek desio berriak eragiten dizkiola deskubritzen duen nerabe baten bizitza kontatzen da. Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan Gipuzkoako hainbat herritan –Deban, Errenterian eta Irunen– eman ohi den filma izango da.

Sariaren hamaikagarren edizioa izango da, eta abuztuan jakinaraziko da irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk Latinoamerikako LGTBIQA+ zinema babesten jarraitzen du Donostia Zinemaldiaren esparruan. Halaber, 71. edizioan –irailaren 22tik 30era egingo denean–, Sebastiane Saria emango da eta LGTBIQA+ Iberoamerikako Zinema Jaialdien IX. Topaketa egingo da. Topaketa horretan Espainiako eta Latinoamerikako jaialdietako 20 ordezkari baino gehiago bilduko dira.