Ehunka lagunek bistatu dute Arrantzaleen Museoa bere 75. urteurrenaren egunean

0

Ehunka lagun hurbildu dira Arrantzaleen Museora bere 75. urteurrena ospatzeko. Bermeon dagoen foru museo honetan dantza erakustaldia egin du Alkartasuna Dantza Taldeak eta erakusketa iraunkorrera bisita gidatua eskaini da. Soinuak haizean taldearen eskutik «Itsasoa laino dago» ikuskizuna izan da portuetako emakumeen historia gogorrari buruzkoa: sardina-saltzaileak, saregileak, kontserbagileak. Gainera, urteurreneko ekitaldietarako bereziki diseinatutako eraikinaren gaueko argiztapenak osatu dute abuztuaren 18ko programazioa, ekipamendu kultural honen 75 urteak ospatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen museoak, abuztuaren 18an 75. urteurrena ospatzen du, erreferentziazko museo bilakatuta. Museo horren helburua itsas gizon eta emakumeen bizitza eta ohiturak erakustea da.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eman dio hasiera ospakizunari, Aixa Gaztelu Foru Museoko zuzendariarekin batera. Leixurik adierazi duenez «Denboraren joan-etorriaren lekuko eta gure kulturaren sustraien zaindari izan da eta jarraitzen du izaten. Arrantzaleen Museoak gure itsas tradizioak eta itsas ondarea bizirik mantentzeko lan garrantzitsua egiten du, ikerketaren bitartez, historia zabalduz eta ezinbestekoa dena: itsasoak Bizkaitarrontzat eta kasu honetan Bermeotarrentzat duen lekua edo pisua etorkizuneko belaunaldiei transmitituz, gure historia ahaztu ez dadin.» Diputatuak zera gaineratu du «75 urte hauetan, Bizkaiko Foru Aldundia museo honen zaindari eta sustatzaile nekaezina izan da 1948an sortu zenetik. Bermeo herrian errotutako museoa da dudarik gabe eta eskualde osoari bultzada ematen dion museoa da Arrantzaleen Museoa.»

Arrantzaleen Museoak milioi bat bisitari inguru izan ditu 75 urteetan, eta hainbat ekitaldi izan ditu. 2022an bakarrik 250 bisita gidatu egin ziren, 50 ekitaldi baino gehiago haurrentzako tailerretan, hitzaldietan, aurkezpenetan eta kontzertuetan banatuta, eta bi erakusketa antolatu ziren.

Museoa 75 urte hauetan

75 urte hauetan, Bizkaiko Foru Aldundiak museoaren sorkuntza eta eraldaketa sustatu du. 1948an, Foru Erakundeak Ercilla dorrea erosi zuen, eta eraberritu ondoren, gaur egun Arrantzaleen Museoa dena bihurtu zuen, arrantzaren lanbidearen bizitza, ohitura, gremio, ontzi eta tekniken kontakizuna batzeaz, kontserbatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen den museoa. Euzkadiko Itsas Armada Laguntzailearen historia ere ezagutarazten du, bertako gune nagusia euskal arrantzaleek osatu baitzuten.

Geroago, 2012an, eraikinaren eraberritze integrala egin zen, eta horrek Aldundiak aberastasun ekonomiko eta kulturala sustatzen duten eta udalerrien garapen iraunkorra ahalbidetzen duten museo txikiei emandako laguntza nabarmendu zuen.

Urteurrena ospatzeko jarduerak

Barrueta paper gainean erakusketarekin Arrantzaleen Museoak urteurreneko ospakizunak hasi zituen eta orain ere ikusgai dago Benito Barruetaren erakusketa.

Foru museoak, 75. urteurrenaren ospakizunaren harira, hainbat ekitaldi berezi eskaini ditu urtean zehar, hala nola, erakusketak, dokumentalen proiekzioa, Gastro-Bertso saioak… Urteurrenaren ospakizuna abendurarte luzatuko da zenbait ekintzekin.

Gainera, apirilean hasitako «Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur» izenburuko hitzaldi-zikloa eskaintzen ari da foru museoa, Juan Antonio Apraiz Merkataritza-nabigazioko kapitainak, itsas ikerlariak eta dibulgatzaileak koordinatuta. Guztira zazpi hitzaldi dira, eta haietan, Euskal Herriko arrantzaren inguruko galderei erantzuna eman nahi zaie: Nork? Zer? Norekin? Nola? Zertarako? Hitzaldietan hainbat gai jorratzen ari dira, hala nola itsasoko langileak, kofradiak, arrainak, itsasontzien eraikuntza, arrantza-sistemak eta kontserba-industria. Horretarako, arlo eta gai desberdinetako adituak ari dira parte hartzen. Urrian, azaroan eta abenduan, Arrantzaleen Museoak azken hiru hitzaldiak eskainiko ditu urteurrenaren baitan.

Urriaren 21ean, 11: 30ean, Josu Erkorekaren eskutik, Kofradiak: nola eta zertarako biltzen ziren? hitzaldia izango da; azaroaren 23an, 19: 00etan, Aingeru Astuiren eskutik, Arrantza moduak eta tresnak: nola eta zerekin arrantzatu den eta arrantzatzen ari den? Gure Arrantza hitzaldia. Hitzaldi-zikloa amaitzeko, Javier Escuderok Arrain kontserbak eta fabrikak: zertarako egiten da arrantzan? Zein da harrapatutako arrainen erabilera? Gure kontserbak gaiari buruz hitz egingo du abenduaren 16an, 11: 30ean:

Gainera, aurten «Bermeo Erdi Aroan» erakusketa ere ikusgai izango da Arrantzaleen Museoan.