Euskadi azpiegitura digitalen HUBa bihurtuko da, ardatz atlantikoaren lehiakortasuna indartuko duena

0
  • Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan nabarmendu duenez, «Data Center bat martxan jartzea datuak modu hurbilean gordetzeko eta kudeatzeko leku bat izatea da. Garrantzitsua da gertu izatea, beste batzuen mende ez egoteko»
  • Azpiegitura hori urte eta erdian prest egon dadin lan egiten dute, nahiz eta zerbitzu batzuk lehenago aktibatuko diren.
  • «Energia berriztagarriek Data Center bezalako garapenekin batera joan behar dute. Gure ekoizpen-sareak eta herritarrek energia hurbila, jasangarria eta eskuragarria behar dute «

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketan nabarmendu du azpiegitura digitalen HUBaren garrantzia, Euskaditik ardatz atlantikoaren lehiakortasuna indartuko duena:

«Data Center bat edukitzea datuak modu hurbilean gordetzeko eta kudeatzeko leku bat izatea da. Bestela, beste batzuen mende egongo ginateke, horregatik garrantzitsua da gertu izatea».

Arantxa Tapiak gogorarazi du Euskadik leku pribilegiatua duela kasu honetan, Estatu Batuak eta Europa lotzen dituzten itsaspeko kableak Bizkaiko kostaldera iristen baitira: «Abantaila lehiakorra da, eta aprobetxatu egin behar dugu. Urte eta erdian azpiegitura hori martxan izan nahi dugu, nahiz eta zerbitzu batzuk dagoeneko ematen ari diren Euskaltelen data center txikitik, proiektu berriaren bazkideetako bat delako «.

Berriztagarriak

Tapia sailburuak gogorarazi duenez, «datuez edo egungo bizitzan behar dugun guztiaz hitz egiten dugunean, telefonoez, ordenagailuez, energiaz ere hitz egiten ari gara. Eta hori guztia jasangarria izan dadin, erabili behar dugun energiak ere jasangarria izan behar du. Energia behar dugu azpiegitura horiek martxan jartzeko, eta Euskaditik ere erantzun argia eman behar dugu».

Saitec-ek Armintzako kostaldean martxan jarri duen aerosorgailu berria garrantzitsua da plataforma flotatzaile baten gainean dagoelako: «Gure kostaldean itsas hondoa modu malkartsuan erortzen da eta oztopo hori gainditzeko plataforma flotatzaileak behar ditugu. Ikuspuntu horretatik, Armintzako aerosorgailuak gure kostaldean teknologia hori erabil daitekeen ebaluatzeko aukera emango digu.

Hortaz gain, haize- eta eguzki-baliabideen arabera ebaluatu behar ditugun parke eoliko eta fotovoltaikoen eskaerak daude mahaigainean, ingurumen-berme guztiekin instalatu behar direnak, energia berriztagarria ekoizteko prozesua ahalbidetzeko. Oraintxe bertan, gai gara hiru helburu horiek betetzeko Aizeindarrek Araban proiektatutako bi parke eolikoetan».

Amaitzeko, sailburuak gogorarazi duenez, «duela urtebete Errusiak Ukrainan egindako inbasioa dela eta, energia aurrezteko plan bati buruz hitz egiten ari ginen. Gure maila energetikoa handitu behar dugu oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, bereziki, klima-aldaketa kontuan hartuta. Gasaren egungo prezioak ikusita berriro jabetzen gara gure ahultasunaz: gure ekoizpen-sareak eta herritarrek energia hurbila, jasangarria eta eskuragarria behar dutelako».