Hamaika lehen eta bigarren film lehiatuko dira Kutxabank-New Directors saria eskuratzeko

0

Hemeretzi herrialdetako hamaika ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 22tik 30era 71. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztietatik, egileen zazpi lehen lan daude, eta gainerakoak, berriz, egileen bigarren filmak dira, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Euren bigarren filmarekin lehiatuko direnen artean Liang Ming (Yichun, China. 1984) aktore, zuzendari eta gidoigilea dugu; Mingen lehen lanak –Wisdom Tooth (2020) izenekoak– aintzatespena lortu zuen nazioarteko hainbat zinema-jaialditan. Zuzendariak New Directors saila inauguratuko du Xiao Yao You / Carefree Days filmarekin; Ban Yu idazlearen eleberriaren moldaerak gaixorik dagoen eta munduan bere tokia aurkitu nahi duen emakume gazte bat du protagonista.

Zenbait film labur eta Roll (2020) film luzea zuzendu ondoren, Daichi Murase (Shigaraki, Japonia. 1997) japoniarrak bere bigarren filma aurkeztuko digu, Kiri no Fuchi / Beyond The Fog, New Directors saila itxiko duena. Belaunaldiz belaunaldi mendiko herri urrun batean ostatu bat zuzendu duen familia baten deskribapen intimoa egiten digu zuzendariak.

Bere lehen lanarekin –À l’ouest de Pluton / West of Pluto (2008) izenekoarekin–, Henry Bernadet (Quebec, Kanada. 1977) zuzendariak nazioarteko zenbait jaialditan –hala nola Rotterdamekoan eta Zürichekoan– hartu zuen parte. Oraingoan, Les Rayons Gamma / Gamma Rays lanaren bidez, Montréalen bizi diren gazte batzuen belaunaldi-deskribapena egiten digu zinemagileak.

Gainera, New Directors sailak ekoizpen espainiarreko bigarren film bat –jada iragarria– barne hartuko du: Javier Maciperen (Zaragoza, 1987) La estrella azul / The Blue Star, hain zuzen. Golden Zippers, Más Birras eta Almagato taldeen sortzaile Mauricio Aznar musikari zaragozarraren bizitzarako hurbilketa bat da filma, fikziozkoa. Bere lehenengo film luzearekin –Los inconvenientes de no ser Dios izenekoarekin (2014)– Zaragozako zinema-jaialdiko lehenengo film onenaren saria irabazi zuen Macipek. Horrez gain, fikziozko zenbait film labur zuzendu ditu; Goya sarietan finalista izandako Gastos incluidos (2019) eta Os meninos do rio (2014), besteren artean.

Hautaketan sartutako gainerako zinemagileek beren lehen lanarekin lehiatuko dira. Horrela, Farhad Delaram zinemagileak (Teheran, Iran. 1988) New Directors sailean parte hartuko du Ashil / Achilles izeneko bere filmarekin. Egilearen lehen film luzean, ospitale batean lan egiten duen zinemagile gazte bati bizitza aldatuko zaio neska gazte misteriotsu bat ezagutu ondoren.

Askhat Kuchinhirekoven (Almaty, Kazajistán. 1982) lehen lanak Bauryna salu du izena; antzinako tradizio nomada batetik hartzen du izena filmak, eta tradizio horretan, lehen seme edo alaba aitona-amonei ematen zaie, haiek zaindu dezaten haurraren gurasoen ordez. Zuzendaritzan hasi aurretik, Kuchinhirekovek aktore eta zuzendari laguntzaile gisa egin izan du lan, hala nola Sergei Dvortsevoyen Tulpan (2008) eta Aika (2019) filmetan (Cannesen Un Certain Regard saria irabazi zuen lehenak eta emakumezko aktore onenaren saria bigarrenak).

Taylor Russell, Ewan McGregor eta Ellen Burstyn dira Mother, Couch! pelikularen protagonistak. Niclas Larssonen (Malmö, Suedia. 1990) lehen lan honen hasieran, elkarrengandik urrun dauden hiru anai-arreba elkartu egiten dira, jakin nahi baitute amak zergatik ez duen nahi mugitu altzari-denda bateko sofatik.

Orain arte gidoilari eta muntatzaile gisa lan egin duen Ilia Malakhova (San Petersburgo, Errusia. 1973) Hi, mom film luzearekin estreinatuko da Zinemaldian. Filmean, protagonistak –Kira izeneko 36 urteko emakume batek– ezin du amaren desagerpena gainditu, eta ahizpa txikiaren eta iloben etxe berean bizi da.

Juan Sebastián Quebrada (Medellin, Kolonbia. 1987) zuzendariak Días extraños gradu-lana Bacifin estreinatu eta La casa del árbol (2017) film laburra Torontoko zinema-jaialdian aurkeztu zuen. Aurten bere lehen film luze El otro hijo / The Other Son aurkeztuko digu, 2020an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen obra, hain justu. Zinemagile kolonbiarrak nerabe baten historia kontatzen digu; anaia ustekabean hil ondoren, bizitzen jarraitzeko beharrezko indarra bilatzen saiatuko da protagonista.

Diwa Shah (Nainital, India. 1995) indiarrak, zuzendari laguntzaile eta eleberrigile gisa lan egin izan duenak, Bahadur the Brave filmarekin egin du debuta zuzendari gisa; gaixorik dagoen semea sendatzeko dirua irabazten saiatzen den etorkin nepaldar baten istorioa kontatuko digu Shahk pandemiaren lehen garaietan Nepaleko mugatik gertuko herrixka indiar batean kokatutako film berri honetan.

Hautaketan egongo da, halaber, Last Shadow at First LightNicole Midori Woodford (Singapur, 1986) zuzendariaren lehen film luzea, agerraldi errepikakorrez atsekabetuta egonik Japoniara desagertutako amaren bila joango den emakume gazte baten istorioa kontatzen diguna. Singapurtarrak zuzendutako film laburrek hainbat jaialditan hartu izan dute parte, hala nola Busangoan, Clermont-Ferrandekoan eta Tokiokoan.

Hamaika film horiek Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai dira. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek babesten du, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak.  Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.

Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibidea da New Directors, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko ia sail guztietan programatu ohi dira, eta Nesten ere lehen lanak erakutsi ohi dira, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburren lehiaketa gisako sailean. Gainera, Tabakalerarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, ikus-entzunezko proiektu berritzaileak babesten dituen eta arte-egonaldien plan bat barne hartzen duen Ikusmira Berriak programaren buru ere bada Zinemaldia.

KUTXABANKEN BEZEROENTZAKO DESKONTUAK

Kutxabanken Gazte Txartela duten bezeroek %50eko deskontua izango dute sarrerak erostean (Sail Ofizialeko Galak eta abonuak izan ezik). Kutxabanken euskararen aldeko apustuaren baitan, bezero gazteek euro baten truke erosi ahal izango dituzte euskarazko edo euskarazko azpitituluak dituzten emanaldietarako sarrerak (Kursaal 1-eko saioetan izan ezik). Gainera, Kutxabankek 1.000 sarrera inguru banatuko ditu bezero eta bezeroen artean.