TCMk bosgarren urtez segidan babestuko du Gazteriaren saria irailaren 22tik 30era egingo den Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan.
Sariaren irabazlea aukeratzen duen epaimahaia 18 eta 25 urte arteko 150 gaztek osatzen dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, filmari puntuazio jakin bat ematen diote gazte epaimahaikideek. Kalifikazioak eta gustukoenen rankinga egunero gaurkotzen dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan kontsultatu ahalko dira.
Gazteriaren TCM sarirako hautagai diren filmak New Directors saileko guztiak izango dira, hala nola Horizontes Latinos sailean beren lanak aurkeztuko dituzten zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak. Hogei titulu inguru izango dira, beraz, epaimahaikideek egunean bizpahiru film ikusi beharko dituzte.
Saria irailaren 30ean (larunbata) banatuko da. TCM taldearen Espainiako ordezkari bat izango da bertan, baita zinemaren munduko pertsona ospetsu bat eta Gazteriaren epaimahaiko kide bat ere (Donostia Zinemaldian zehar iragarriko dira bi horiek).
Bibiana Gonzálezek, Espainiako Warner Bros. Discovery-ren General Entertainment-eko kanalen programazio zuzendariak, honakoa adierazi du: «Ilusio handia egiten digu aurten ere etorkizunari begira dagoen zinema jaialdi honekin lankidetzan aritzeak, estatu eta nazioarteko ekoizpen berri onenak hautatzen dituelako eta, aldi berean, historiako zinemarik onenari balioa ematen diolako. Horregatik, estudioaren mendeurrena ospatzen dugun edizio honetan, TCMk eta Warner Brosek ospatzen dugu gazte hauek begirada ireki eta freskoarekin hurbilduko direla ateak zabalduko dizkien zinema jaialdi honetara, batetik, eta, TCM gaur gozatzen dugun zinema-ondarea zaintzen eta maite duen marka bat dela ikusiko dutelako, bestetik. Donostiako Gazteriaren TCM Saria balio horien sinbolorik onena da».
TCMk 2019. urtetik babesten du Gazteriaren saria. Espainian bi hamarkada baino gehiago daramatzan telebista-kate honek lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin. Aurreko zenbait ediziotan Publikoaren saria, ziklo bereziak eta Zinemaldia Topaketak babestu ditu.
TCMri buruz
TCMk garai guztietako film onenen aukeraketa bat eskaintzen du; Hollywoodeko estudioetako ekoizpen handiak ez ezik, zinema independenteko titulu nabarmenenak programatzen ditu. TCMko filmak programazio berezietan ematen dira, elkarrizketekin eta ekoizpen propioko piezekin batera, film horiek euren testuinguruan kokatzen laguntze aldera, nola kanalean, hala eskariaren araberako zerbitzuetan. Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidearekin, TCM markak lotura estua du Donostia Zinemaldiarekin eta bai Espainiako zein nazioarteko hainbat zinema jaialdirekin.
TCM Now TCM telebista-markaren eskaeraren araberako edukien eskaintza da, Movistar Plus+ plataforman eskuragarri dagoena. TCM Now zerbitzuari esker, ikus-entzuleak garai guztietako zinema onenaren film handiez goza dezake, baita TCMren jatorrizko ekoizpen guztiaz ere: hainbat jaialditan sarituak izan diren zinemarekin lotutako gaiei buruzko dokumentalak (El crítico, La naranja prohibida, El último adiós de Bette Davis, 2001 destellos en la oscuridad, Nostromo: el sueño imposible de David Lean, etab.); erreportajeak; programak; eta zinema eta kulturaren munduko pertsona garrantzitsuei egindako elkarrizketak.
TCM Warner Bros. Discovery taldearen –entretenimendu-konpainia nagusiaren– jabetzakoa da. Espainian, TCM Now ordainpeko telebista-plataforma hauetan dago eskuragarri: Movistar Plus+ (22. diala), Vodafone (54. diala), Orange TV (28. diala), Euskaltel (9. diala), R (3. diala), Telecable (23. diala), Virgin Telco (22. diala), Tivify (30. diala) eta Agile TV (25. diala).
Warner Bros. Discovery taldeari buruz
Warner Bros. Discovery enpresa (NASDAQ: WBD) komunikabideen eta entretenimenduaren munduko liderra da, edukirik eta marken portfoliorik bereziena eta osoena sortzen eta banatzen duena nola telebistan hala zineman, baita streamingean ere. 220 herrialde eta lurralde baino gehiagotan eta 50 hizkuntzatan eskuragarri, Warner Bros. Discovery taldeak mundu osoko ikus-entzuleak inspiratu, informatu eta entretenitzen ditu bere marka eta produktu ikonikoen bitartez: Discovery Channel, discovery+, CNN, DC, Eurosport, HBO, HBO Max, HGTV, Food Network, OWN, Investigation Discovery, TLC, Magnolia Network, TNT, TBS, truTV, Travel Channel, MotorTrend, Animal Planet, Science Channel, Warner Bros. Pictures, Warner Bros. Television, WB Games, New Line Cinema, Cartoon Network, Adult Swim, Turner Classic Movies, Discovery en Español eta Hogar de HGTV, besteak beste. Informazio gehiago hemen: www.wbd.com.