Zinemaldiko Bideotekak filmen izen-ematea ireki du

0

Donostia Zinemaldiko bideotekak industriako profesional akreditatuen eskura jartzen du streaming bidez ikustea Zinemaldiko sail guztietan hautatutako filmak, baldin eta beren ordezkariek izena eman badute, lehiaketa amaitu eta hilabeterarte (urriaren 30an). Zinemaldiko bideoteka CinandoVL-k jarduten du, Cannes zinema-jaialdiko Marché du Film ekimenak sortutako zinema industriako profesionalentzako plataforma.

Zinemaldian aukeratutakoez gain, urteko film espainiarrek eta latinoamerikarrek ere eman ahal izango dute izena Bideotekan. Enpresa bakoitzak gehienez hiru film inskribatu ahal izango ditu, baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Gutxienez 60 minutuko iraupena izatea.
  • 2022eko urritik 2023ko irailera bitartean mundu mailako estreinaldia izatea.
  • Espainian edo Latinoamerikako herrialde batean ekoitziak izatea.

Zinemaldiko bideotekan inskribatutako film luze bakoitzeko tasa honako hau da:

  • 75 € (%21eko BEZa barne) Espainian edo Latinoamerikako herrialde batean ekoitzitako filmetarako.
  • 40 € (%21eko BEZa barne) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako filmetarako (ekoizlearentzako doako akreditazioa barne).