Ertzaintzak 19 urteko bi gizonezko eta 20 urteko bat atxilotu ditu Zarautzen, Gipuzkoan, etxe batean indarra erabiliz lapurreta egin dutelako, balkoi bateko leihoa behartuta sartu ondoren.
Atzo, igandea, gaueko bederatzi eta erdiak aldera, Ertzaintzak jakin zuen lapurreta egin zutela Zarautz erdialdeko etxe batean. Jasotako lehenengo informazioaren arabera, hiru pertsona sartu ziren etxean balkoietako batetik, eta auto batean ihes egin zuten lapurtu ondoren.
Goizaldeko ordu biak aldera, herritarren segurtasunerako prebentzio-lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek aurkitu zuen aipatutako lapurreta egiteko erabili ahal izan zuten autoa. Geldiarazi ondoren, agente jarduleek hiru bidaiariak identifikatu zituzten, eta egiaztatu ahal izaten zuten hiru susmagarri horien deskribapena guztiz bat zetorrela lapurretaren ustezko egileenarekin. Ebidentzia horren aurrean, autoa miatu zuten, eta ertzainek adierazitako lapurretaren modukoak egiteko erabili zitezkeen objektuak eta materiala aurkitu zituzten, horien artean zulatzeko makina bat, mailuak eta palankaxkak.
Hori guztia dela eta, hiru gazteak, 19 urteko bi eta 20 urteko bat, atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion eginbideak betetzera, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Gainera, Ertzaintza ikertzen ari da antzeko modus operandi erabiliz udan egindako beste delitu batzuekin zerikusirik duten.