Lan Ikuskaritzak gogorarazi die euskal kirol-federazioei sexu-jazarpenaren aurkako prebentzio-protokoloak eduki behar dituztela

0

Espainiako emakumezko futbol-selekzioko jokalari batekin lotutako kasuak eragindako polemikaren harira, Euskadiko Lan Ikuskaritzak gaur gogorarazi die euskal kirol-federazio guztiei sexu-jazarpenaren eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta esku-hartze protokoloak izan behar dituztela, indarrean dagoen legedia betez.

Ildo horretan, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 12. artikuluan ezartzen denez, enpresek lan-baldintzak sustatu behar dituzte, sexu-askatasunaren eta osotasun moralaren aurkako delituak eta bestelako jokabideak saihesteko lanean, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena bereziki azpimarratuz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 48. artikuluan aurreikusitako baldintzetan, eremu digitalean egindakoak barne.

Era berean, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 190 Hitzarmenak, lan-munduan indarkeria eta jazarpena ezabatzeari buruzkoak, pertsona orok indarkeriarik eta jazarpenik gabeko lan-mundua izateko duen eskubidea aitortzen du, genero-arrazoiengatiko indarkeria eta jazarpena barne, eta lan-munduko indarkeriak eta jazarpenak osasunari eragiten diotela adierazten du.

Lan Ikuskaritzak gogorarazi du salaketa-bideak etengabe dituela eskuragarri, eta jasotako komunikazio oro beti ikertzen dela, eta, nahiz eta kasu ezagunak erakusten duen horrelako jokabideen aurrean dagoen babes sozial eta instituzionala, egokia iruditzen zaio informazio hori errepikatzea, futbolak gizartean duen eragina dela eta.

Euskadiko Lan Ikuskaritzaren jakinarazpen honek osatu egiten du Estatuko Ikuskaritzak lehen mailako futbol-taldeei gai horri buruz bidalitakoa.