Auto batean zihoazen bost bidaiariak zauritu dira gaur goizean Berrizen, autoa errepidetik irten eta irauli ondoren.
Gaur, asteazkena, 09:15 aldera, SOS-Deiak 112ra egindako dei baten bidez jakitera eman dute zirkulazio-istripu bat gertatu dela AP-8an, Berriz parean, Bilborako noranzkoan. Istripua izan duen autoan bost lagun zihoazen, eta errepidetik irten eta irauli egin da.
Lekura Ertzaintzaren, suhiltzaileen eta Osakidetzaren baliabideak mobilizatu dituzte gertaeraren kargu egiteko.
Istripuaren ondorioz, autoan zihoazen bost bidaiariak osasun-zentroetara eraman behar izan dituzte, hiru Gurutzetako ospitalera eta bi Donostia ospitalera.
Autobideko eskuineko erreia itxita egon da larrialdietako eta laguntzako zerbitzuek euren lana egin ahal izateko, eta 11:27 aldera itzuli da normaltasunera.
Ertzaintzak dagozkion eginbideak ireki ditu istripuaren inguruabarrak argitzeko.