Emakundek uste du jaietan erasoak prebenitzeko egindako lan kolektiboak emaitzak eman dituela

0
  • Udalen, jai-batzordeen, ostalaritzaren, elkarteen, mugimendu feministaren eta, orohar, herritarren inplikazioa eskertu du
  • Hala ere, sexu-askatasunaren aurkako salaketak erregistratu dira hiru hiriburuetako jaietan, gehienak baimendu gabeko ukituengatik

 

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak udako jaien balorazioa egin du gaur goizean, eraso sexistei dagokienez. Nahiz eta jai guztiak ez diren amaitu, irailean jaiak ospatzen dira hainbat herritan, Elgarrestak, euskal hiriburuetako jaiak aipatu ditu, bere ustez, «termometro sozial gisa» balio baitute. Elgarresta ziur agertu da «urtez urte egiten ari den sentsibilizazio-lanak intentsitate hainbat eraso prebenitzea” lortu duela, eta, horrez gain, eraso guztiak salatzera animatu dituela emakumeak, salaketa jartzerakoan babes handiagoa dutela sentitzen baitute. Hala ere, adierazi duenez, zoritxarrez, uda honetan ere erasoak egon dira, salaketa gehienak baimendu gabeko ukituekin lotutakoak izan dira, eta beraz, “adi egoten” jarraitu behar dugula azaldu du.   Zehazki, hiru hiriburuetako jaietan udaltzaingoek eta Ertzaintzak sexu-askatasunaren aurka ezagututako delituak izan dira 4 kasu Gasteizen, 2 Donostian eta 18 Bilbon.

Elgarrestak udalen, jai batzordeen, ostalaritzaren, elkarteen, mugimendu feministaren eta, orohar, hiritarren inplikazioa eskertu nahi izan du «jarrera matxistek gero eta gaitzespen handiagoa jasotzen duten jai-guneak sortzen laguntzeagatik».

Emakundek, bere aldetik, protokoloak etengabe hobetzeko lanean jarraituko du, eta herritarren inplikazioa gero eta handiagoa izatea eskatzen du. Ildo horretan, Elgarrestak dei egin die gizonei «jarrera sexistak geldiarazi eta gaitzesterakoan aktibo ager daitezen eta beste gizon batzuentzat berdintasunezko jarreren eredu bihurtu daitezen». Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatuko dituen sexu-hezkuntzan aurrera egiten jarraitzea.