“Jokalari bezala hazteko tokirik onenean nago”

0

Athletic Clubeko aurrelari berria den Marta San Adrianek prentsaurrekoa eman du gaur goizean Lezaman. Donostiarra ekainean iritsi zen Alavesetik eta oso pozik agertu da Klub zuri-gorrirekin izan duen lehen harremana izan ostean.

«Oso pozik nago hemen. Erabaki ona hartu dut. Klub handi batean nago, historia handikoa emakumezkoen futbolean eta beti maila bikaina erakutsi duena. Talde eta staff ona dugu. Esku onetan nago. Baliabide eta instalazio harrigarriak ditugu eta uste dut honako hau dela jokalari gisa hazteko lekurik onena. Horrelako klub batean onena eman dezaket«, esan du.

Joan den ikasturtean Sanadrik 5 gol sartu eta hiru asistentzia eman zituen Gasteizen. «Arean jokatzea eta golak sartzea gustatzen zaion aurrelari azkarra naiz. Nire aletxoa eman behar dut ahal dudan guztian, eta aukera guztiak aprobetxatu behar ditut ahalik eta gol gehien gauzatzeko«.

Lezaman egindako egokitzapenari dagokionez, Martak adierazi du «gehien harritu nauena aldagelan dagoen batasuna dela. Hilabete pasatxo daramat hemen eta familia bat bezala nagoela sentitzen dut. Oso berezia da talde batean eta ez da ohikoa, baina hemen dagoen filosofiarekin gertatzen da«.

23 urteko Sanadrik argi utzi du taldeak gogo handia duela denboraldia hasteko. «Urte polita izango dela uste dut eta ilusio handia dugu«, azpimarratu du. Liga datorren larunbatean, irailaren 7an, Lezaman hasi aurretik, igande honetan lehoiek Realaren aurka neurtuko dituzte indarrak EH Kopako finalean. «Gogo handiak ditugu txapelketa hau irabazteko. Reala gainditzeko gai gara eta urtero euskal futbolaren alde egiten den txapelketa berezia da guretzat«.