Euskal errezeta elektronikoa Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia eta Estonian erabil daiteke, baita hemendik aurrera, Txekiar Errepublikan ere

0

Euskadi erreferente da errezeta elekronikoaren elkarreragingarritasunak Europar Batasunean duen hedapenean

Euskadin bizi den edonork bere errezeta elektronikoa, e-rezeta, erabili ahal izango du Txekiar Errepublikan —edo alderantziz— bere historia klinikoan sartzeko edo sendagaiak farmazietan hartzeko.

Europako Batzordeak baimena eman ondoren, Txekiar Errepublika batu zaie lehendik euskal errezeta elektronikoa erabilgarri zuten herrialdeei, hau da, Portugal, Kroazia, Polonia, Finlandia eta Estoniari.

Hala, Euskadik erreferente izaten jarraitzen du errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunak Europar Batasunean duen hedapenean. Izatez, 2025ean Europar Batasuneko 25 herrialdeetara hedatzeko asmoa dago.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du garrantzitsua dela Europako erakundeek Euskadik egiten duen lanean konfiantza izatea, zehazki, berrikuntza teknologikoaz gain, Europar Batasun osoan herritarrei zuzendutako farmazia-prestazioa eta osasun-asistentzia hobetzeko balioko duen programa batean. Izatez, eta besteak beste, programa horrek sendagaiak modu egokian eta zentzuz erabiltzen laguntzen du, sendagaiak erraz eskuratzeko aukera ematen du, tratamenduak agindu ondoren osasun-zentroetara bisitak egitea saihesten du, paperean ematen ziren errezetak galtzea saihesten du eta erabiltzailearen segurtasuna eta erosotasuna areagotzen du.

Autonomia-erkidegoen arteko elkarreragingarritasuna

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan 2018ko urtarrilean ezarritako errezeta elektronikoaren elkarreragingarritasunari esker, Estatuko edozein farmaziatan eskura daitezke sendagaiak, Osasun Txartel Indibiduala aurkeztearekin.

Abian jarri zenetik, 496.178 euskal herritarrek beste autonomia-erkidego batzuetako farmazietan hartu dituzte beren sendagaiak. Guztira 8.026.506 sendagai-emate izan dira. Gaztela eta Leonen erabili da gehien (2.583.236), ondoren Kantabrian (1.498.841), Valentziako Erkidegoan (723.327), Errioxan (622.425) eta Galizian (617.484).

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko farmaziek beste erkidego batzuetako 135.345 paziente artatu dituzte, guztira 1.005.689 sendagai-ematerekin: 199.432 Araban, 474.428 Bizkaian eta 331.819 Gipuzkoan. Sendagai-emate gehien-gehienak Gaztela eta Leondik (190.348), Madrildik (157.774) eta Kantabriatik (105.455) etorritako pertsonekin lotzen dira.

Beraz, e-rezetak segurtasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen die erabiltzaileei; hori dela eta, ia guztiz zokoratu du paperezko errezeta. Izan ere, 2022an, fakturatutako errezeten % 99,95 errezeta elektronikoak izan ziren.

Informazio gehigarria