Zarauzko biotopoa zaindu

0

Uda garaian bereziki, jendea sartzen da biotopoko ibaiaren eremuan, nahiz eta debekatua egon. “Zarauztar asko, gu bezala, kezkatuta daude eta beren kezka helarazten digute Ingurumen arloari. Horrexegatik, egokia ikusten dugu herritarrei eta bisitariei gogoraraztea Iñurritza biotopoa guztion artean zaindu behar dugula”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.

Zarautzen Natura 2000, Europako Natur Gune Babestuen sareko 3 gune ditugu: Garate Santa Barbara eremua, Pagoetako zati bat eta Inurritza biotopoa.

Azken honen garrantzia bereziki hegaztien presentzian eta dunetako landareetan datza. Bertan desagertzeko arriskuan dauden espezieak daude eta garrantzitsua da biodibertsitate hori mantentzea.

Hegaztiei dagokienez, Iñurritza eremua oso lagungarria da hauen migraziorako, bereziki, hemen aurkitzen dutelako atsedenerako gune garrantzitsua bere bidean, baina, horrez gain, hainbat hegaztik kumatzen dute bertan.

Hauek kontuan izanda, debekatua dago ibaiaren eremuan sartzea. Soilik goiko bidetik ibili daiteke, ibaira jaitsi gabe. Biotopoaren kudeaketa eta zaintza Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, nagusiki, baina Udaleko Ingurumen departamentuak ere, sentsibilizaziorako hainbat ekimen egiten ditu, besteak beste:

•    Kartel asko jarri dira bidean zehar zein kanaleko pasealekuaren paretetan, eremu horretara ezin dela sartu adierazteko.
•    Kanpinetan ere sentsibilizazio lana egin da kartelak eta Eraztun Berde Urdineko eskuorriak banatuz.
•    Turismo bulegoan ere azaltzen zaie bisitariei ezin dela pasa zubi azpitik eta, orokorrean, ezin dela ibili ibaiaren eremuan.
•    Goiko bidean, jendeak ibaira jaisteko irekitzen dituen bideak eta pasabideak ixten dira.
•    Bisita gidatuak antolatzen dira urtero, jendeari bertan dauden altxor naturalak erakusteko. Ezagutzen dena, gehiago maite eta zaintzen delako.

“Zoritxarrez, ez da posible zubiaren azpitik igarotzen den bidea ixtea eta, batzuei, berdin zaie debekatuta egotea. Era berean, ezinezkoa da 24 ordutan kontrolatzea, gure amorrurako. Herritarrei eskatu nahi diet eremuaren barruan norbait ikusten dutenean, Udaltzaingora deitu dezatela edota zuzenean pertsona horiei debekatuta dagoela esatea”, gehitu du Vazquezek. “Zarauztarren artean zabaldu behar dugu eremu hori babestuta dagoela hegaztientzat eta dunetako landareak zaintzeko. Txikia da baina biodibertsitate handikoa eta garrantzitsua, eta, aldi berean, oso zaurgarria”.